Gizartea -

Bakearen Nobel Saria 2012

Europar Batasunak irabazi du Bakearen Nobel Saria

Aurreko urteetan ere izendatuta egon zen Europar Batasuna. Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak adierazi duenez, "ohore handia da" Bakearen Nobel Saria jasotzea.

Europar Batasuneko goi-bilera.
Europar Batasuneko goi-bilera.
Europar Batasunak irabazi du Bakearen Nobel Saria

02:15

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasunak irabazi du 2012ko Bakearen Nobel Saria.

Europan "bakean eta elkarbizitzan aurrerapausoak" lortzeko egindako lana goraipatu du epaimahaiak, baita kontinente zaharrean "demokrazia eta giza eskubideak" ezartzeko egindako lana ere.

Europar Batasunaren garaipen handiena Europan "demokrazia eta giza eskubideak" finkatzea izan dela adierazi dute, "Kontinenteko gerra" (Bigarren Mundu Gerrari aipamen eginez) "Kontinenteko bakean" bilakatuz.

"Bigarren Mundu Gerrako sufrimendu latzak Europa berri baten beharra erakutsi zuen. 70 urtez, Alemaniaren eta Frantziaren artean hiru gerra egin ziren. Gaur egun, ordea, Alemaniaren eta Frantziaren arteko gerra bat pentsaezina da. Asmo oneko intentzioekin eta konfiantzazko harremanak sortuz, etsai historikoak aliatu bilakatu dira", adierazi dute ekitaldian.

Ildo honetan, Grezia, Espainia eta Portugal Europar Batasunera batzeko demokrazia ezinbesteko baldintza izan zela ekarri dute gogora.

"Berlingo harresia erori ostean, Europako erdialdeko eta ekialdeko hainbat herrialde batu ziren, historian aro berri bat hasiz", aipatu dute. "Ekialdearen eta mendebaldearen arteko zatiketa amaitu da; demokrazia suspertu egin da eta gatazka etniko asko amaitu dira", goraipatu du Nobel Sariko Batzordeak.

Iaz, Afrikako emakumeen borroka saritu zuten eta hiru emakumek irabazi zuten Bakearen Nobel Saria, Ellen Johnson-Sirleaf Liberiako presidenteak, Leymah Gbowee liberiarrak eta Yemeneko Tawakkul Karmanek.

Gaurko iragarpenaren ostean, aurtengo azken Nobel Saria astelehenean iragarriko dute, hilak 15ean, Ekonomiakoa hain zuen.

'Ohore handia da' Barrosoren iritziz

Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak adierazi duenez, "ohore handia da Europar Batasunarentzat Bakearen Nobel Saria irabaztea".

"Europar Batasunarentzat eta bertan bizi diren 500 milioi lagunentzat ohorea da Bakearen Saria jasotzea", esan du Twiterreko kontuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea