Ekonomia -
Datu ekonomikoak
Katalunia independentearen bideragarritasunaren inguruko eztabaida
Ikerketa batzuen arabera, egoera ''hondamendia'' litzateke. Beste batzuek Danimarka eta Suediaren parean kokatu dute Katalunia independentea.
Erredakzioa
Azken asteotan iritzi asko entzun dira Katalunia independente baten bideragarritasun ekonomikoaren inguruan, eta gaia hauteskunde kanpainako mintzagai nagusienetako bat da.
Independentea balitz Kataluniako egoera ekonomikoa zein izango litzatekeen ikerketak gutxik atzertu dute, eta kaleratu direnek eztabaida piztu baino ez dute egin. Txosten batzuen arabera, ''hondamendia'' litzateke, eta beste batzuek, berriz, Danimarka eta Suedia parean kokatu dute Katalunia independentea.
BPGaren % 7ko irabazia
CatDem Fundazioak eskatuta, Kataluniak izango lituzkeen gastu eta diru-sarrerak aztertu ditu Nuria Bosch Bartzelonako Unibertsitateko Ogasun Publikoko katedradunak. Datu horien arabera, irabazia BPGaren % 7koa izango litzateke (13.600 milioi euro). Datu horiekin, Danimarka eta Suediaren parean kokatu du Boschek Katalunia independentea.''Hondamendia'' litzateke
IEE Ikerketa Ekonomikoen Institutuak kaleratu duen txosten baten arabera, Katalunia independentearen egoera ekonomikoa hondamendia litzateke, errentak ''ikaragarri'' egingo lukeelako behera eta Espainiarekiko esportazioak % 50 jaitsiko liratekeelako. Halaber, estatu berriak ez luke Europar Batasunak eskaintzen dituen finantzaketa neurriak eskuragarri izango.
IEEk ''Kataluniako auzia, gaur'' izenburupean kaleratu duen txosten batean irakur daitezke datu horiek.
Kataluniako Generalitateko sail batzuek argitaratutako datu ofizialak eta aurreikuspenak zalantzan jarri ditu txostenak, eta, estatu propio gisa eratzeko, ''zailtasun handiak'' aurreikusi ditu, besteak beste, gaur egun Kataluniak duen aurrekontuarekin Katalunia independente batek ezingo lukeelako nazioarteko finantza merkatuetara jo.
Halaber, Espainiarekiko esportazioek % 50 behera egingo luketela kontuan hartuta, enpleguak ere % 25 egingo luke behera oinarrizko sektorean, eta % 20, zerbitzuetan, Clemente Polo Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan Ekonomia Analisiaren Oinarriak irakasten dituen katedradunak azaldu duenez.