Politika -

Diadaren oihartzunak

Nola kudeatuko luke Europak Kataluniaren independentzia?

Europako Batzordeak esan duenez, Kataluniak independentzia lortzen badu, Europar Batasunetik kanpo geratuko da, eta berriro ere atxikimendua eskatu beharko du.

Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentea. EFE
Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentea. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordeak azaldu duenez, Kataluniak Espainiatik independentzia lortzen badu, Europar Batasunetik kanpo geratuko da, eta berriro ere atxikimendua eskatu beharko du Batasunera itzuli nahi badu. Bruselak ez du Bartzelonako Diada eguneko manifestazio independentistaren inguruko adierazpenik egin nahi izan.

"Protesta hori egunkariak irakurtzen ditugulako eta Bartzelonan dugun ordezkariek jakitera eman digutelako ezagutzen dugu", adierazi du Europako Batzordeko bozeramaileak. Horren esanetan, Bruselak ez du adierazpenik egiten estatu kideen barruan dauden independentzia mugimenduen harira.

"Eskualdeetako edo nazioetako ordezkariei dagokie horri buruz hitz egitea. Europako Itunean ez dago jasota estatu kide bateko eskualde baten independentzia", gaineratu du.

Bozeramaileak gogorarazi duenez, independentzia prozesuak nazioarteko zuzenbidearen arabera egin behar dira nazioarteak estatu berria aintzatetsi dezan.

"Hortik aurrera, estatu berriak Europar Batasunean sartu nahi badu, Itunen arabera egin beharko du. Bien bitartean, estatu berria ez da Europar Batasuneko kidea, eta eskatu egin beharko du", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea