Frantzisko aita santua -
Emakume langileen inguruan
Haurdun dauden emakume langileak kaleratzea salatu du aita santuak
Frantzisko I.aren esanetan, "aitorpen osoko lanpostu baterako eskubidea eta haurrak izateko eskubidea ere aldi berean bermatzea da egungo erronka".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Frantzisko I. aita santuak adierazi duenez, gizarteak "emakumezko langilea lagundu eta zaindu behar du". Gainera, haurdun dauden emakumeak kaleratzea kritikatu du.
"Langileen lan-baldintzen kalitateari bereziki erreparatu behar zaio, enpresa bateko baliabiderik preziatuena baita, eta emakumezkoetan batez ere pentsatzen ari naiz", esan du aita santuak.
Frantzisko I.aren esanetan, "aitorpen osoko lanpostu baterako eskubidea eta haurrak izateko eskubidea ere aldi berean bermatzea da egungo erronka".
"Zenbatetan entzun izan dugu emakume batek nagusiarekin hitz egiten duela eta esaten diola 'haurdun nagoela jakinarazi behar dizut', eta berak dioela 'aurrerantzean ez duzu lanik egingo'?", plazaratu du.
Enpresaburuen Batasun Kristaueko kideekin izandako topaketan egin ditu adierazpen hauek aita santuak. Horren iritzian, enpresak "interes komuneko ondasunak" dira.