Gizartea -
Israel - Palestina gatazka
Lurralde Santuan gorrotoari ezetz esateko eskatu du aita santuak
Israeldarren eta palestinarren arteko azken indarkeria oldea hasi zenetik, 50 pertsona baino gehiago hil dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Frantzisko aita santua arduratuta agertu da israeldarren eta palestinarren arteko gatazkagatik eta Lurralde Santuan gorrotoari eta mendekuari ezetz esateko eskatu du. Israeldarren eta palestinarren arteko azken indarkeria oldea hasi zenetik, 50 pertsona baino gehiago hil dira.
"Kezkaz jarraitzen ari naiz Lurralde Santuan bizi den tentsio eta indarkeria oldea. Une honetan adore eta kemen asko izatea beharrezkoa da gorrotoari eta mendekuari ezetz esateko eta bakearen aldeko keinuak egiteko", adierazi du aita santuak igandeko angeluseko otoitzean.
Otoitz egin du agintariek eta herritarrek indarkeriari aurre egin eta lasaitasuna lortzeko bidean pausoak emateko adorea izan dezaten. "Ekialde Hurbileko egungo testuinguruan inoiz baino garrantzitsuagoa da Lurralde Santuan bakea izatea: hori eskatzen du Jainkoak eta gizateariaren ongiak", nabarmendu du.
Aita santuak Maria de la Purisima de la Cruz serora espainiarra kanonizatu du, hain zuzen ere, Gurutzearen Konpainiaren Ahizpen kongregazioko kide izan zena eta bizitza osoa behartsuenen alde lan egin zuena. Ekitaldi berean santu izendatu ditu Vincenzo Grossi, Otoiztegiaren Alaben Institutuaren sortzailea, eta Luis eta Celia Martin.