Etxegabetzeak -
Etxegabetzea Errenterian
'Maltzurkeriaz' aritu izana egotzi dio Kaleratzeak Stopek Kutxari
Errenteriako babes ofizialeko etxebizitza baten etxegabetzean "ondare publiko batekin" geratzea leporatu dio finantza-erakundeari, "ondoren, operazio ilun batean saldu ahal izateko".
Erredakzioa
Kaleratzeak Stop taldeak salatu duenez, Kutxa "jakinaren gainean eta maltzurkeriaz" jokatzen ari da, Errenteriako Bake Epaitegiari babes ofizialeko etxebizitza baten etxegabetzea eskatu duelako. Donostian izandako prentsaurrekoan azaldu duenez, Errenteriako Bake Epaitegiak aginduta, etxea uzteko egiaztapena jaso zuen auzokide batek otsailaren 6an.
"Kutxabankeko prokuradoreak desjabetzea gauzatzeko eskatu zion epaitegiari, auzokideak Donostiako Epaitegiaren aurkako helegitea aurkeztu zuela eta erabaki horren zain geundela jakinda ere", salatu du kolektiboak.
Kaleratzeak Stopek "Errenteriako familia horren aurka Kutxabankek abiatutako jazarpena" kritikatu du. Taldeak babes ofizialeko etxebizitza baten etxegabetzean "ondare publiko batekin" geratzea leporatu dio Kutxari, "ondoren, operazio ilun batean saldu ahal izateko".
Ondorioz, "gizartearen aurkako politika horren 180 graduko aldaketa" eta hipoteken betearazpen bertan behera geratzeko eskatu die alderdi politikoei. "Kaltedunei irtenbideak eskaini behar dizkiegu", esan dute Kaleratzeak Stop taldeko bozeramaileek, "alokairu soziala ordainduta, etxean geratu ahal izatea, finantza-bankuekin duten zorra kitatuz".