Etxegabetzeak -
Bruselaren ebazpena
Hipoteken legea salatu zuen epaileak aldaketak egongo direla uste du
Jose Maria Fernandez Seijoren aburuz, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak hipoteken legearen inguruan eman duen ebazpenak epaileek etxegabetze prozesuak gelditu ahal izateko balioko du.
Erredakzioa
Hipoteka ez ordaintzeagatik Espainian indarrean diren etxegabetzeen prozesua eta araudia legez kanpokoak direla eta kontsumitzaileen babeserako Europako legedia urratzen dutela ebatzi du Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak. Jose Maria Fernandez Seijo Bartzelonako epaileak azaldu duenaren arabera, "ebazpenak aldaketa handiak ekarriko ditu".
Auzitegiaren ebazpenaren arabera, Espainiako araudiak urratu egiten du kontsumitzaileen babeserako prozeduren eraginkortasuna, neurrigabeko klausulak baititu.
Seijoren ustez, ebazpenak atzeraeraginezko ondoriorik ez duen arren, Gobernua Espainiako legea aldatzera behartuko du, eta kontratuko klausularen bat neurrigabea dela uste duten epaileei etxegabetze prozesuak bertan behera uzteko aukera emango die.
Horrez gain, bihartik aurrera epaileek, kasua ikertu arte, martxan dauden etxegabetze prozesuak geldiarazteko aukera izango dutela esan du. Gainera, Gobernuak legedian aldatzeko aprobetxatu beharko lukeela uste du Seijok.
Bruselaren ebazpenak epaileak gizartearekin adiskidetzeko aukera ere eskainiko duela uste du Seijok.
Salaketa CatalunyaCaixaren aurka
Herritar batek CatalunyaCaixaren kontra jarri zuen helegitearen harira iritsi da gaurko ebazpena. Herritar horri etxea kendu zioten, eta berak dio hipoteka kontratuan agertzen den klausula bat neurrigabea dela eta etxegabetzea gelditu egin behar zela.
Bankuaren eskutik etxea galdu zuen herritar batek Catalunya Caixaren kontra jarri zuen helegite baten harira iritsi da gaurko ebazpena. Pertsona horrek neurrigabetzat jo zuen hipoteka kontratuan agertzen den klausula bat, eta etxegabetzea gelditzeko eskatu zuen.
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak azpimarratu du Espainian epaileek ez dutela etxegabetzea gelditzeko aukerarik, eta, klausula bat neurrigabea dela ebazten badu, kontsumitzaileak etxea galdu ostean soilik jaso dezakeela babesa, kalte-ordain moduan.
"Kalte-ordain hori ez da nahikoa, eta ez da bide egokia klausula horiek amaitzeko", adierazi du Auzitegiak.
Horrez gain, Europar Batasunak gogor gaitzetsi du kontsumitzaileak babesteko Espainiako araudiak ez duela "etxebizitza behin betiko galtzea galarazten" eta kalte-ordainak soilik aurreikusten dituela.