Etxegabetzeak -
Espainia
Kaleratzeen kontrako 'moratoria' luzatzea aztertuko du Espainiak
2012an onartutako lege dekretua azaroan iraungiko da.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak hipoteken gauzatzearen kontrako "moratoria" luzatu ala ez aztertuko du, izan ere, Luis De Guindos Espainiako Ekonomia ministroaren iritziz neurri hori "oraindik ere beharrezkoa" da. 2012an onartutako lege dekretua azaroan iraungiko da.
Kaudimenik gabeko egoeran dauden fede oneko hipotekadunei babesteko orain arte hartutako neurriek "eragin positiboa" izan dutela azpimarratu du.
Europa Press albiste agentziari eskainitako elkarrizketan De Guindosek adierazi du Espainiako Gobernua "gertutik" jarraitzen ari dela etxegabetzeen eboluzioa. Espainiako Bankuaren datuen arabera, ohiko etxebizitzen kaleratzeen kopurua % 8,87 jaitsi da 2013an, baina etxegabetzeen kopurua, oro har, hazi egin da.
2013an 39.000 maizter kaleratu zituzten beren ohiko etxebizitzatik. Hori dela eta, De Guindos ministroaren esanetan "neurriak mantentzea beharrezkoa da". Esaterako, 2012an onartutako "moratoria" azaroan iraungiko da, eta Ekonomia ministroak adierazi du egoera aztertuko dutela eta beharrezkoa izaten jarraitzen badu, berak hala uste du, luzatu egingo da.
Bestalde, Espainiako Gobernuak orain arte harturiko neurriei eutsiko die, besteak beste, Jardunbide Egokien Kodeari. Hori esker, zorrari aurre egin ezin diotenek zorra berregituratzeko, zorraren zati bat kitatzeko edota alokairu sozialeko etxebizitza bat eskuratzeko aukera izaten dute.