Etxegabetzeak -
Alokairua
Bi pertsonaren etxegabetzea hilabetez geldiarazi dute Barakaldon
Barakaldoko lehen auzialdiko epaitegiak etxegabetzea hile batez geldiarazi du, familiari “beste ostatu bat emateko”, Berri-Otxoak plataformak azaldu duenez.
Agentziak | Erredakzioa
59 urteko emakume baten eta 32 urteko semearen etxegabetzea hilabetez geldiarazi dute, Berri-Otxoak plataformak iragarri duenez. Alokairua ezin ordaindu eta astearte honetan kaleratu behar zituzten, baina epaitegi batek prozedura gelditzeko agindua eman du.
Barakaldoko lehen auzialdiko epaitegiak etxegabetzea hil batez geldiarazi du, familiari “beste aterpe bat bilatzeko”, plataformak agiri batean azaldu duenez.
Udal Gobernuak (EAJ) eta Etxebidek familiari ostatu egoki bat emateko “hilabete irabazi” dela azpimarratu du Berri-Otxoak plataformak.
Zuazo-Arteagabeitia bizilagunen elkarteko kideak eta familia udaletxera joan dira, Mikel Antizar Gizarte Ekintza zinegotziarekin biltzeko asmoz. “Bizitzen ari diren egoera dramatikoaren aurrean irtenbide bat nahi dute”, plataformak adierazi duenez.
Udaletxean “tentsio” uneak izan dira, baina azkenean batzartu dira. Bileran, “beharrezko kudeaketak egiteko” konpromisoa hartu du zinegotziak, Berri-Otxoak plataformak ziurtatu duenez.