Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Ertzaintzak bi gazte atxilotu ditu Elgoibarren sexu-erasoa egotzita
Ertzaintzak 19 urteko bi gazte atxilotu ditu Gipuzkoako udalerri honetan bi emakumeri lapurreta eta sexu-eraso egiten saiatu ostean.
Erredakzioa
19 urteko bi gazte atxilotu dituzte goizalde honetan Elgoibarren (Gipuzkoa) bi emakumeri sexu-eraso egiten saiatu ostean, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Lehen jazoera 04:15ean izan da, Elgoibarren. Etxera zihoan gazte bat lagun bat atzetik zuela ohartu da. Korrika egin du eta etxeko atalondora iristean, erasotzaileak neska harrapatu du, eta sexu-eraso egiten saiatu da. Neskak familia abisatu du, eta etxetik jaitsi direnez, erasotzaileak ihes egin du.
Handik gutxira, lagun hau beste bi nesken atzetik joan da. Gazte hauek Udaltzaingoaren laguntza eskatu dute telefonoz. Agenteak ustezko erasotzailearen bila hasi dira. 05:30ak aldera aurkitu dute tren geltokiaren inguruan, eta bertan atxilotu dute.
Bigarren erasoa
Halaber, Elgoibarren ere 04:30ak aldera emakumezko batek Ertzaintza deitu du, lapurreta eta sexu-eraso saiakera salatzeko.
Tabakoa erostera zihoazela, hiru lagunek emakumea harrapatu dute, eta horietako bat sexu-eraso egiten saiatu da. 08:00ak aldera Udaltzaingoko hainbat agentek 19 urteko ustezko erasotzailea aurkitu eta, hura identifikatu ostean, bertan atxilotu dute.