Gizartea -

Hezkuntza lege berria

Ikastolek lege berria eskatu dute, Werten 'mehatxuari' aurre egiteko

Ordezkarien esanetan, 'beharrezkoa da hezkuntza sistema propioa lortzeko bidean pausoak ematea', eta 'Hezkuntzaren Euskal Legea onartu behar da berandu baino lehen'.

Etxaurren Ikastola. EITB.
Etxaurren Ikastola. EITB.
Etxaurren Ikastola. EITB.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikastolen Elkarteko ordezkariek eskola hitzarmen baten beharra azpimarratu dute, Eusko Legebiltzarrak hezkuntza lege berri bat onar dezan legegintzaldi honetan. Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak aurkeztutako LOMCE lege berriaren mehatxuari aurre egin nahi diote horrela.

Gaur goizean Bilbon prentsaurrekoa eskaini dute Ikastolen Elkarteko ordezkariek, eta bertan izan dira Koldo Tellitu eta Imanol Igeregi Ikastolen Elkarteko presidentea eta zuzendaria, hurrenez hurren, Hur Gorostiaga Seaskako zuzendaria eta Pello Mariñelarena Nafarroako Ikastolen zuzendaria. Koldo Tellituren esanetan, "Euskal Herriko egungo hezkuntza sistema agortuta dago, eta sakoneko berrikuntza baten beharra du".

"Beharrezkoa da hezkuntza sistema propioa sortzeko bidean aurrerapausoak ematea. Hezkuntzaren Euskal Legea onartu behar da berandu baino lehen, ez oraingoa zaharkituta dagoelako bakarrik, behar berriak sortu direlako baizik", gaineratu du.

Koldo Tellituren iritziz, beharrezkoa da gai horretan hitzarmen zabalak eta egonkorrak lortzea; izan ere, "ezin dira aldaketak egin gobernuan dagoen alderdiaren arabera". Hori dela eta, hezkuntza alorreko eragileekin topaketa bat antolatu dute urtarrilaren 31rako. Ikastoletako zuzendariek eta alderdi politikoetako ordezkariek parte hartuko dute bilera horretan, eta hezkuntzaren zerbitzu publiko izaera eta Wert ministroaren hezkuntza erreforma izango dituzte hizpide.

EHUren egoitzan izango da bilera, eta EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PP alderdietako ordezkariek parte hartuko dute.

Ikastolen Elkarteko ordezkariek gogoratu dutenez, aurrematrikula egiteko kanpaina irekita dago jada, otsailaren 8ra bitartean, "Ongietorri ikastolara" lelopean.

Bestalde, Iparraldeko ikastolei babesa erakutsi diete, eta bat egin dute larunbatean Hendaian egingo den manifestazioarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hezkuntza Lege Berria albisteak Alderdi politikoak bideoak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Hezkuntzako albisteak 2024