Gizartea -
Eguraldia
Elurra itsas mailan eta izotza utziko dizkigu gaur hotz denboraleak
Abisu horia dago indarrean, elurragatik, baina alerta laranja izango dugu 18:00etatik aurrera. Kanpoan jarduerarik ez egiteko eta autoa ez hartzeko gomendioa egin du Jaurlaritzak.
Erredakzioa
Tenperatu baxuak eta elurra itsas mailara ekarriko dituen denboralea izango dugu Euskadin eta Nafarroan asteburuan. Egoeraren ondorioz, kanpoan jarduerarik ez egiteko eta, ''erabat beharrezkoa ez bada'' autoa ez hartzeko gomendioa egin du Jaurlaritzak. Nafarroako Gobernuak ere kontuz gidatzeko gomendioa egin du.
Leku askotan nabaria da dagoeneko tenperatura jaitsiera, eta zero gradu inguruan egon dira egunean zehar, eta abisu horia indarrean da dagoeneko, elurra dela eta. Elur-kota 1.000 metro inguruan egon da eguneko lehen partean, baina arratsaldean 400 metrora jaitsi da.
Sentitzen hasi den aire-masa hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du larunbaterako eta iganderako, itsasoan ere elurra botako duelako eta maila altuxeagoetan elur geruza handiak pilatuko direlako.
Euskalmeten arabera, egunak aurrera egin ahala, giroa hozten joango da eta tenperatura asko jaitsiko da, gauerako termometroak izotz puntura jaitsi daitezke hainbat zonaldetan. Tenperaturaren jaitsiera honekin, elurra gero eta beherago agertuko da eta gauerako 300-400 m ingurura jaitsiko da, dena den ordurako atertuz joango da.
Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udalek operatibo bereziak jarri dituzte indarrean.
Larunbaterako 15:00etatik aurrera aurreikusita zeuden eskola kiroletako jarduera guztiak bertan behera utzi ditu Arabako Foru Aldundiak. Bizkaiko Aldundiak ere bertan behera utzi ditu, 18:00etatik aurrerakoak.
Alerta laranja
Larunbatean, hotz galanta eta elur-lapatsa maila baxuetan izango da. Termometroak balio oso baxuetan mugituko dira egun guztian, kostaldeko hainbat zonaldetan salbu, gainontzeko zonaldetan izotza botako du eta eguneko beroenak 0-5 ºC artean geldituko dira.
Arratsaldeko 18:00etatik aurrera abisu horia alerta laranja bihurtuko da euskal lurraldean. Balio hauekin, elurra nonahi bota dezake eta elur malutak itsasertzeraino iritsi daitezke. Dena den, hotza azpimarratu behar da batez ere, prezipitazioak urriak izango baitira; arratsalde partean, trumoi-ekaitza eta txingorra bota ditzake.
Elur kota 0 metrotan
Igandean, alerta laranja egun osoan egongo da indarrean, elur kota 0 eta 300 metro bitartean espero baita.
Astelehenean, ordea, eguraldi petralak bere horretan jarraituko du, baina tenperatura igoera sumatuko da, nahiz eta 600 metrotik gora elurra egiten jarraituko duen.
Tenperaturak nabarmen behera, Nafarroan ere
Datozen orduotan tenperak nabarmen egingo du behera Nafarroan ere, eta elurra eta izotza nagusi izango dira. Hala, Gobernuak arreta berezia eskatu du.