Gizartea -
Akordioa Bilboko Udalarekin
Jaurlaritzak milioi bat euro jarriko du Zorrotzaurreko lanetarako
Laster, obrak lizitatzeko prozedura hasteko asmoa du Bilboko Udalak. Hori eginda, urte amaiera aldera has daitezke lanak.
Erredakzioa
Deustuko kanala zabaltzeko eta Bilboko Zorrotzaurre proiektua abian jartzeko beharrezkoa zen erakundeen arteko akordioa sinatu dute gaur Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak. Gobernu autonomikoak ia 4 milioi euroko balioa duten lurrak utziko dizkio Udalari, eta gainera milioi bat euroko ekarpena egingo du.
Gaurko ekitaldian, Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren izenean, Iñaki Azkuna Bilboko alkatea eta Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua egon dira. Lankidetza-hitzarmenaren arabera, kanala zabaltzeko eta Deustu eta Zorrotzaurre lotuko dituen zubia egiteko lanen ardura Bilboko Udalarena izango da.
Eusko Jaurlaritzak Zorrotzaurreko uhartea izango den horretan dituen lurrak utziko dizkio Udalari, eta, era berean, gehienez, milioi bat euroren ekarpena egingo du.
Gaur Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako lankidetza-hitzarmenak abenduaren 21ean Udalak eta Zorrotzaurreko Batzorde Kudeatzaileko gainerako jabeek sinatutako hitzarmena osatzen du. Azken horrek ere Deustu eta Zorrotzaurre arteko zubia egiteko lanen ardura Udalaren gain utzi zuen.
Laster, obrak lizitatzeko prozedura hasteko asmoa du Bilboko Udalak. Proiektuaren aurrekontua 30 milioi eurokoa izango da, eta behin proiektua lizitatuta, obrak urte amaiera aldera has daitezke.