Gizartea -

Eskandinaviako frontea

Hotza eta elurra berriz itzuliko dira astearte eta asteazken honetan

Elur-kota 300-500 metrotara jaitsiko da astearteko azken orduetan. Txingor ekaitzak bota ditzake. Asteazkenean elur-kota 200-400 metrotan kokatuko da.

Argazkia: Josetxo Apezteguia
Argazkia: Josetxo Apezteguia
Argazkia: Josetxo Apezteguia

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elurragatik asteazkenerako alerta laranja ezarri du Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologia Zuzendaritzak, baita alerta horia ere astearterako, fenomeno berdina dela-eta.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren iragarpenen arabera, astearteko, arratsalde-gau partetik aurrera Eskandinaviatik datorren aire hotzeko masa polar batek goitik behera aldatuko du azken egunetan izan dugun eguraldia.

Masa horren ondorioz, prezipitazioak izango dira eta tenperaturak nabarmen jaitsiko dira; hala, prezipitazioak elur formakoak izango dira eguerditik aurrera 1.000 metrotik gora, eta, eguneko azken orduetan, 300-500 metrotik gora.

Euskalmeten arabera, ipar-haizea indartsu ibiliko da, batez ere, asteazkenean. Horrek hotz-sentsazioa areagotuko du. Hotza eta elurra bizpahiru egunez izango dira, eta ostiraletik hasiko da pixkanaka arintzen.

Asteazkenean eta ostegunean, hainbat fronte eta ezegonkortasun-lerro iritsiko dira EAEra. Ondorioz, prezipitazio arinak izango ditugu sarri, bai eta zaparrada ekaiztsuak eta kazkabarra ere.

Bi egunotan, elur-kota nahiko baxu kokatuko da, 200-400 metrotan. Baliteke, gainera, uneren batean, nukleo ekaiztsuetan gertatu ohi diren haize hotzaren beherakadekin bat, kota 200 metrotik behera kokatzea.

Nolanahi ere, eguerdi-partean, kota nabarmen igoko da, eguzkiak martxoaren erdialdean duen indarra dela-eta. Prezipitazioak eta elurteak osteguneko, hilaren 14ko, arratsaldetik aurrera arinduko dira.

Labur esanda, aire hotzarekin batera, negu-giroa datorkigu berriro eta berriro botako du elurra EAEko zati handi batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Elurra albisteak