Gizartea -
Bilborako sarrera
Artxandako tuneletako Bilboko sarrera itxita egongo da lau astez
Luizi batek Bilborako noranzkoan doan errepidea moztu du, hala ere, Bilbotik Txorierrira joateko errepidea zabalik dago.
Erredakzioa
Bilbora sartzeko Artxandako Txorierri-Ugasko tunela hiruzpalau astez egongo da itxita, astelehenean izandako lur-jauzia dela eta, Unai Rementeria Bizkaiko Foru Aldundiaren bozeramaileak jakinarazi duenez.
Gobernu Foralaren Kontseiluaren ostean egindako prentsaurrekoan, Rementeriak esan du luizia gertatu ostean tokira bertaratu zela eta, adierazi duenez, "egoera nahiko zalapartatsua da, haitz guztiak errepidean daudelako".
Dagoeneko makinak tokian daude lanean, tunela konpontzeko lanetan dauden beharginen segurtasuna bermatzeko, jakinarazi du bozeramaileak.
Egoera "zaila" dela adierazi du Rementeriak, hori dela eta, "hiruzpalau aste beharko dira segurtasun eta garbiketa lanak egiteko, eta hegala zein mendoitza egonkortzeko".
Artxandako tunelek Bilboko hirigunea eta Txorierri lotzen dute.
Luiziak Bilborako noranzkoan doan errepidea moztu zuen, hala ere, Bilbotik Txorierrira joateko errepidea zabalik dago.