Gizartea -
Alerta laranja
Alerta laranja indarrean, elurra 200-400 metrotan botako duelako
Bi kamioik eta bost autok talka egin dute A-15 autobian, Irurtzunen, eta errei bat itxi behar izan dute. Ibilgailuek kateak behar dituzte Nafarroako sei mendatetan.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologia Zuzendaritzak osteguneko 12:00ak arte alerta laranja indarrean mantentzea erabaki du; izan ere, elur-kota 200-400 metrotan kokatuko da eta elurteak errepikatu daitezke.
5-25 zentimetroko elur-geruza pilatu daiteke 1.000 metrotan, 5-15koa 600 metrotan eta bi zentimetrokoa 200 metrotan.
Eguerditik eguna amaitu arte abisu horia ezarriko da, elur-kota arratsaldean igotzen joango delako, 500-600 metrora arte. Hala ere, gauean jaitsi egingo da berriro 400 edo 500 metrora. Elur-geruza 5-15 zentimetrokoa izango da 1.000 metrotan, eta 600 metrotan bost zentimetro pilatu daitezke.
Ostiralean, zaparrada ahulak botako ditu eguneko lehen erdian eta abisu horia 09:00ak arte indarrean izango da. Elur-kota 400-500 metrotan kokatuko da, baina goizean zehar 600-700 metrora igoko da. 5 zentimetroko elur-geruza pilatuko da 1.000 metrotan eta hirukoa 600 metrotan.
Sare nagusia, zabalik
EAEko errepide sare nagusia zabalik dago, baina elurrak Herrerako mendatea ixtera behartu du Arabako bigarren mailako errepide sarean.
Elurrak arazoak sortu ditu beste errepide batzuetan. Horrela, Orduñan eta Bernedon kateak beharrezkoa dira.
Opakua eta Bernedo kamioientzako itxita daude, eta autoek kateak behar dituzte.
Zazbi ibilgailuk talka egin dute Irurtzunen
Bi kamioik eta bost autok talka egin dute A-15 autobian, Irurtzunen, eta errei bat itxi behar izan dute. Ez da zauriturik izan eta zirkulazioa kontrako noranzkotik bideratu dute.
Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, gertakaria 16:00ak aldera jazo da A-15eko 113 kilometroan. Elurraren eta izotzaren ondorioz kamioi batek kontrola galdu du.
Errepidean gurutzatuta geratu da, eta beste kamioi batek eta bost autok talka egin dute, baina ez da zauriturik izan.
Egunean zehar Leizarango autobidea (A-15) zenbait gunetan itxi egin behar izan dute elurra dela eta, hala jakinarazi du Nafarroako Gobernuak.
Kateak, Nafarroako sei mendatetan
Ibilgailuek kateak behar dituzte Nafarroako sei mendatetan. Azken orduetan elurteak arazoak sortu ditu bigarren mailako errepide sarean.
Belaguan, NA-137 errepidean (Burgi-Isaba-Frantzia), kateak beharrezkoak dira 33. kilometrotik aurrera, baina zirkulazioa itxita dago 55. kilometroan, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.
Era berean, Urkiagan, NA-138 errepidean (Iruña-Frantzia); Ezkurran, NA-179 errepidean; Izpegin, NA-2600 errepidean (Erraztu-Frantzia); eta Orokietan, NA-4114 errepidean (Orokieta-Saldias) kateak behar dira.
Egozkueko mendatean, NA-2520 errepidean (Olague-Zubiri), eta Artesiagan, NA-1740 errepidean, ere kateak behar dituzte ibilgailuek.