Gizartea -

Nafarroan

Gerra Zibileko 10 fusilaturen gorpuak aurkitu dituzte Urbasan

Hiru lagunen bila hasi zen lanean Aranzadi Zientzia Elkartea eta, orain arte, 10 hildakoren gorpuzkiak aurkitu ditu.

Indusketak jarraituko dira Urbasan gorpuzki guztiak identifikatu arte. Argazkia: EITB
Indusketak jarraituko dira Urbasan gorpuzki guztiak identifikatu arte. Argazkia: EITB
Gerra Zibileko 10 fusilaturen gorpuak aurkitu dituzte Urbasan

1:49

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gerra Zibilean hildako 10 lagunen gorpuak aurkitu dituzte orain arte Urbasako mendikatean, Aranzadi Zientzia Elkarteak abiatutako indusketetan. 1936an hildako Balbino Garcia de Albizuren ilobak aitonaren gorputza lurpetik ateratzeko eskaera egin ostean, elkarte hori zonaldean hondeatzen hasi da.

Laster, gorpuzki gehiago aurkitu dituzte, eta identifikazioa egin ostean, hamar lagunen gorpuzkiak direla ondorioztatu dute. Horietako hiruk tiro zauriak zituzten buruan. Adituek diotenez, litekeena da 1936an fusilatuak izatea eta, ondoren, amildegira bota izana.

Lourdes Herrasti Aranzadi Elkarteko Zuzendaritza Arkeologikoaren arduradunak azaldu duenez, "harrizko kono baten gainean ari gara gorpuzkiak osatzen, horietako asko harrien artean infiltratu direlako. Hezur guztiak garbitzen eta ateratzen arituko gara".

Aranzadi Elkarteko kideak Gerra Zibilen hil ziren hiru nafarren gorpuak bilatzen ari ziren. Ostiral honetan, 14:00etan, simako lanak amaitu dituzte; espeleologoek ere parte hartu dute, eta bi pertsonen bilobek gertutik jarraitu dituzte.

Tragediaren sinbolo

Aurkitutako objektuen artean lapitz bat dago, familia hauen borrokaren sinbolo bihurtu dena. "Lapitz honekin, jabeak ideiak eta sentimenduak adierazi zituen, eta hori guztia altxamendu militarrarekin amaitu zen", azaldu du Paco Etxebarria Aranzadi Elkarteko presidenteak, "guztien tragediaren isla da lapitz hau, eta orain, XXI. mendean, istorio hau idazten jarraitzea gure ardura da: hori da garrantzitsuena".

Lekuan granada bat ere aurkitu dute, ohikoa ez den zerbait Nafarroan, “gerrako fronterik ez zelako”, Joseba Eceolazak Aranzadi elkarteko kide batek jakitera eman duenez. Guardia Zibilari horren berri eman diote, horren kargu egiteko.

Senitartekoen laguntza

Lur azpitik 10 metrora, arkeologoak lana zorrotza ari dira egiten. Aurkitutako objektu eta arropa guztiak ari dira aztertzen hildakoaren identitatearen gainean informazioa eskaini ditzaketelako. Amildegitik ateratako hezurrak laborategira eramango dituzte eta bertan, senitartekoen laguntzarekin, gorpuzkiak identifikatuko dituzte.

Olga Alcega Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteko presidenteak azaldu duenez, "ilusioa handia da, baina mina ere handia da; hezurrak eta tiroak ikusteak mina eragiten digu, baina aldi berean ilusio handia da, urteak daramatzagulako senitartekoak bilatzen". "Haiek berreskuratzeak esanahi handia dauka guretzako", ondorioztatu du Alcegak.

Indusketa lanek datozen egunotan jarraituko dute. Ondorioz, baliteke aurkitutako gorpu kopuruak gora egitea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako albisteak Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Frankismoa Giza eskubideen urraketak frankismoan Aranzadi Zientzia Elkartea