Gizartea -
Apirilaren 25ean
Gobernuak dimisioa eman arte, Kongresua 'inguratzeko' deia egin dute
Antolatzaileen arabera, datorren apirilak 25erako deitu duten ekintza irailaren 25ean egindakoaren jarraipena izango da.
Erredakzioa
Espainiako Kongresua inguratzeko deia egin du En Pie! mugimenduak, joan den irailaren 25eko protesta deitu zuen erakundeetako batek. Oraingoan, Gobernuak dimisioa eman arte eta Gorteak desegin arte, bertan egoteko deia egin dute, "herriak burututako eredu politiko, ekonomiko eta sozialerako trantsizioa hasteko".
"Espainia osoko herritarrei datorren apirilaren 25ean Madrilera joateko eta Kongresua inguratzeko deia egiten diegu", diote euren webgunean. Krabelinen iraultzaren urteurrenarekin bat egiten du deialdiak, hau da, 1974. urtean, Portugalen, Salazarren diktadurarekin amaitu zuen iraultzarekin.
Ildo horretan, "miseriatik irteteko gizarteak duen bide bakarra" dela diote.
Halaber, apirilaren 25eko ekintzarekin, joan den irailean hasitakoari jarraipena eman nahi diotela esan dute. Bertan, Kongresuaren inguruan bildu ziren herritarrak eta hamarnaka lagun zauritu ziren eta beste hainbeste atxilotu zituzten.