Gizartea -

Bidaia Qatarrera

Urdangarini pasaportea kentzea eskatuko du herri-akusazioak

Atzerrian lan egiteko eskaintza bat onartu duela baieztatuz gero, Urdangarinek hamabostean behin Auzitegian agerraldiak egitea ere exijituko du Manos Limpiasek.

Iñaki Urdangarin Palmako dukea. EFE
Iñaki Urdangarin Palmako dukea. EFE
Urdangarin eskubaloi entrenatzailea izango da, Qatarren

1:14

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Noos auzia'n herri-akusazioa den Manos Limpiasek Iñaki Urdangarin Palmako dukeari pasaportea kentzeko eskatuko dio Jose Castro epaileari, Qatarren eskubaloi talde bat entrenatzeko eskaintza onartzen badu.

Hedabide batzuen arabera, Urdangarinek dagoeneko jakinarazi dio Espainiako erregeari Qatarreko eskubaloi selekzioko teknikari taldean bi urterako lana hartzeko asmoa duela, Valero Rivera entrenatzailearekin batera.

Informazio hori baieztatzen bada, Manos Limpiasek auzi-saioa eskatuko dio Jose Castro epaileari dukeak atzerrira bidaia ez dezan neurriak eskatzeko. Besteak beste, pasaportea kentzea eta Urdangarinek hamabostean behin Auzitegian agerraldiak egitea ere exijituko du Manos Limpiasek.

Saio hori eginez gero, prozesuan nahastutako alde guztiek eman beharko dute badaezpadako neurrien inguruko iritzia.

Urdangarin, Qatarrera

Iñaki Urdangarin Palmako dukea Qaterra joango da, Valero Rivera entrenatzailearekin batera herrialde horretako eskubaloi selekzioan lan egiteko, 2015. urteko Munduko Txapelketa prestatzeko, La Vanguardia egunkariak jakinarazi duenez.

Emaztea, Cristina infanta (inputatu egin zuten joan den astean, Noos auzian), eta seme-alabak Bartzelonan geratuko dira, kazeta horren arabera.

Palmako dukea arrakasta handiko eskubaloi jokalaria izan zen, FC Bartzelona taldean eta Espainiako selekzioan. Aurki joango da Qatarrera, kontratuaren zehaztasunak eta herrialde horretako selekzioan zer-nolako zereginak izango dituen ezagutzeko.

Lan berria lagungarri izango du Urdangarinek bere egoera ekonomikoa hobetzeko. Izan ere, Diego Torres bazkide ohiarekin batera, 8,1 milioi euroko bermea ordaindu behar du.

Juan Carlos I.a Espainiako erregearen suhiak ez du diru-sarrerarik oraingoz, iaz Telefonicarekin zuen kontratua eten baitzuen.

Epaileari "lan egiten uztea" eskatu du BJKNk

Gonzalo Moliner Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren presidenteak Jose Castro epaileari "lan egiten uztea"k duen garrantzia azpimarratu du, Cristina infanta espainiarra 'Noos auzia'n inputatu eta gero. Hala ere, Castro epaileak ez omen dio erakundeari babesik eskatu bere lanaren independentzia arriskuan ikusteagatik.

"Epaileari lan egiten utzi behar zaiola uste dut", erantzun du Molinerrek auziaz galdetu diotenean. Era berean, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren helburu "nagusia Botere Judizialaren independentzia errespetatzea" dela adierazi du. "Utz ditzagun arazook epaileen esku, Zuzenbidean oinarrituta erabakiko dute", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eskubaloia Qatar albisteak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia gaur Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea