Gizartea -

Hondakinen kudeaketa

Zer da 'Atez ateko' sistema?

Hondakinak birziklatzeko sistema horrek ika-mika handia sortu du Gipuzkoan: alde daudenen arabera, hondakinen % 90 birziklatu ahalko da; kontra daudenen ustez, sistema zikina eta atzerakoia da.

'Atez ate'ko sistemaren edukiontzia, Zaldibarren. Argazkia: EITB
'Atez ate'ko sistemaren edukiontzia, Zaldibarren. Argazkia: EITB
Gipuzkoako atez ateko zabor bilketa sistemaren mapa

2:01

T.S.J

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hondakinak biltzeko Gipuzkoako hainbat udalerritan azken urteetan ezarri duten sistemak aldeko eta kontrako iritziak eragin ditu herritarren artean. Zertan datza sistema hori? Zer diote alde eta kontra daudenek?

Zer da 'Atez ateko' zabor-bilketa?

Gaur egun sortzen ditugun hondakinen %90 birziklagarria da. Hori oinarritzat hartuta, hondakinen jatorriaren arabera zaborra biltzeko sistema da 'Atez atea'. Ondoren, zabor motaren arabera, hondakinen bilketa egun desberdinetan egiten da. Horretarako, Udalak egutegia zehaztu du, kaleetan zaborren pilaketa ekiditeko asmoz.

Gauzak horrela, egun jakinetan herritarrek zaborrak aterako dituzte etxetik eta kaletan kokatutako zintzilikario edo poste batean utziko dituzte, etxebizitza bakoitzari dagokion kakotan, hain zuzen ere.

Udalak ezarritako egutegia bete ezin dezaketen ostalariek, dendariek edo urrun dauden baserrien jabeek 'Larrialdi guneak' dituzte eskura. Zaborrak bertara eramateko urtean 365 egunez eta egunean 24 orduz zabalik dauden guneak dira. Bertan sartzeko txartela eraman beharko da, eta atal bakoitzari dagokion edukiontzia utzi beharko dira hondakinak.

Kontrako argudioak

Hainbat auzokidek salatu dutenez, sistema hori "zikina eta zaharra da". Hori dela eta, zenbait herritarrek hainbat plataforma sortu dituzte, sistema horren aurkako sinadurak biltzeko eta auzi honen gainean herri-galdeketak egiteko asmoz.

"Sistema garestia, ezerosoa da, eta erabiltzaileren intimitatearen aurka doa", azpimarratu du Patxi Amantegi Atez Ateko sistemaren aurkako Plataformen Koordinakundeko bozeramaileak. Halaber, hainbat plataformak salatu dutenez, tartean Bergara Garbia Plataformak, "auzokideren iritzia kontuan hartu gabe, Donostiako Udaletik datorren inposaketa" da.

Bestalde, zaborrak kudeatzeko eredu honen aurka dauden herritarrek argitu dutenez, ez daude birziklatzearen aurka, eta horren harira, zabor organikoa birziklatzeko bosgarren edukiontziaren alde egin dute.

Aldeko argudioak

Gipuzkoan, 34 udalerrik sistema horren alde egin dute. Ordura arte, zortzi herrialdetan ezarri dute, eta gainerakoetan, datozen hilabetetan egingo dute.

Egun, hondakinen % 25 inguru birziklatzen da. Gauzak horrela, Gipuzkoan hondakinen % 90 inguru birziklatzea dute helburu. "Eredu jasangarria da, eta bosgarren edukiontziarekin alderatuta, apur bat merkeagoa da", ondorioztatu du Sasietako Mankomunitateak egindako txostenak.

Bestalde, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearen esanetan, "auzia politika arlora eraman dute, eta kontua ez da alkateak zein sistema du gustuko, birziklapen tasarik handiena lortzea baizik".

Horren harira, azpimagarria da Usurbilen adibidea. 'Atez ateko' sistema duela lau urte ezarri zuten udalerri honetan eta ordutik "hondakinen % 90 inguru birziklatzea lortu dugu", Mertxe Aizpurua Usurbilgo alkateak azaldu duenez. Hala ere, sistema horren alde daudenek herritarren parte-hartzea "funtsezkoa" dela aitortu dute, eredu hori arrakastatsua izan dadin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Gizartea Albisteak Gaur Eguneko albisteak Hondakinen berrerabilpena