Gizartea -

Elkarrizketa

Legazpiarren borondatea kontuan hartuko dutela uste du Garitanok

Gipuzkoako ahaldun nagusiaren iritziz, herri bakoitzak erabaki behar du hondakinak nola bildu. Halaber, udalek herritarren iritzia kontuan hartuko dutela espero du, baita Legazpin ere.

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia (artxiboko argazkia). Argazkia: EiTB
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia (artxiboko argazkia).
Martin Garitano hondakinen eztabaidaz, 'Egun on Euskadi' saioan

1:17

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zaborren kudeaketaren gaian, Legazpin, herritarren borondatea errespetatuko dutela uste du Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Horren ustez, herri bakoitzak erabaki behar du hondakinak nola bildu. Halaber, udalek herritarren iritzia kontuan hartuko dutela espero du, baita Legazpin ere.

ETB-1eko "Egun on Euskadi" saioan zaborraren kontuaren harira Gipuzkoan piztu den eztabaida izan du hizpide Garitanok. Gaur egun, hondakinak zabor bihurtzen direla salatu du. "Europak % 60 eta % 70 artean birziklatzea agintzen digu, eta horrek konpromiso pertsonala eskatzen du, eta horrekin batera, derrigortasuna", gaineratu du. Horren ustez, derrigortasuna eta inposizioa ez dira gauza bera: "Beste kontzeptu bat da".

Eztabaida beste bat dela uste du Garitanok: "Kontua da hondakinak nola jaso, nola bildu". "Egin dezakegu atez atekoaren bidez, adibidez, onena dela uste dugulako, eraginkorrena", adierazi du. Hala ere, hondakinak nola bildu adostearen alde agertu da.

Atez atekoaren inguruko mito asko erori direla uste du Garitanok. Zaborra atez ate bilduta, udalen gastua handitzen dela diote zenbaitek, baina Usurbilgo adibidea jarri du ahaldun nagusiak horri erantzuteko: "Usurbildarrek inguruko herrietako biztanleek baino gutxiago ordaintzen dute".

Herritarren intimitatea urratzen dela ere aipatu dute atez atekoaren kontrakoek, baina ez da argudio serioa, Garitanoren iritziz: "Bosgarren edukiontziarekin ere gauza bera gerta liteke. Hori al da gaur egun Gipuzkoan daukagun arazorik nagusiena?", gaineratu du.

Garitanoren esanetan hondakinen bilketaren gaineko eztabaida "desitxuratu" egin da. "Gipuzkoarren gehiengoa birziklatzearen alde dago, eta errausketaren kontra. Hori da abiapuntua", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Legazpi azken ordukoa Gipuzkoako Foru Aldundia azken ordukoa Birziklatzea Goierri eskualdea