Gizartea -
Polizia operazioa
Prostituzio sare bat desegin dute Bilbon, Gasteizen eta Iruñean
Sare kriminalak Espainiako hainbat hiritan jarduten zuen. Poliziak zazpi etxebizitza miatu ditu, eta, guztira, 23 lagun atxilotu ditu.
Erredakzioa
Besteak beste, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean jarduten zen prostituzio sarea desegin du Poliziak. Antza denez, Paraguaitik emakumeak ekarri eta prostituitzera behartzen zituzten, aipaturiko hiru hirietan eta Santanderren zituzten pisu eta lokaletan.
Poliziak jakinarazi duenez, sare kriminalak 15 soziateren bitartez dirua zuritzen zuen, eta azken urtean bakarrik milioi bat euroko etekina izan zuen desegindako sareak.
Poliziaren Zuzendaritza Orokorraren ohar baten arabera, sareak ehun emakume baino gehiago esplotatu ditu azken lau urteetan.
Biktimak ama gazteak ziren, baliabide ekonomiko eskasekin eta maila kultural baxuarekin. Denbora gutxian diru erraza irabazteko asmoz iristen ziren Espainiara, poliziak esan duenez.
Egunean 24 orduz eta asteko zazpi egunetan egiten zuten lan, etxebizitzetatik txandaka pasatuz. Astean bi orduko baimena zuten euren gestioak egiteko, betiere, lokaleko arduradun batekin joaten ziren arren.
Zerbitzari gisa tabernetan lan egingo zutela esaten zieten emakume askori, eta etortzean zorretan izaten ziren esplotatzaileekin. Halaber, emakumeak bankuan kontua irekitzera behartzen zituzten, eurekin zuten zorra ordaindu ahal izateko.
Zazpi etxebizitza miatu dituzte, eta 15.000 euro, hegazkin txartelak eta transferentzia agiriak atzeman dituzte, besteak beste. Polizia operazioan guztira 23 lagun atxilotu dituzte.