Gizartea -
Luizia Belaten
NA-121-A errepidea, hilabete bat edo bi itxita
Luizia 10:40 aldera jazo da, baina ez da zauriturik izan. Kamioilariei Leitzarango Autobia (A-15) erabiltzeko gomedioa eman die Nafarroako Gobernuak.
Erredakzioa
NA-121-A errepidean (Iruña-Behobia) zirkulazioa itxita egongo da hilabete bat edo bi. 28. kilometroan luizia gertatu da gaur, Belateko tuneletik 300 bat metrora.
Luis Zarraluqui Sustapen kontseilaria luiziaren tokian izan da arratsaldean, eta Nafarroako Gobernuak egoeraren berri eman du bisitaren ostean. Luizia 10:40 aldera jazo da, baina ez da zauriturik izan.
Luiziak errepide guztia hartu du. Zarraluquik zona aztertu du, Ignacio Nagore Herri-lanetako zuzendari nagusiarekin eta Juan Serrano Kontserbazioko Arloaren buruzagiarekin batera. Bien bitartean, Departamentuko teknikariak errepidea garbitzen aritu dira.
Luizia Belateko tuneletik hurbil. EFE
Kamioilariei Leitzarango Autobia (A-15) erabiltzeko gomedioa eman die Nafarroako Gobernuak; izan ere, NA-121-A errepidetik egunero 7.000 ibilgailuk erabiltzen dute, eta kamioien portzentajea % 30ekoa da.
Apirilaren 14 beste luizi bat gertatu zen zonan, tuneletik hurbil. Hurrengo egunean egoerak okerrera egin zuen harri-lubeta bat jausi eta gero. Orduan errei bat itxi behar izan zuten, Iruñeko noranzkoan.
Orduz geroztik Departamentuko langileek errepidea garbitzeko lan egin dute, baina azken euriteen ostean egoerak okerrera egin du, Sustapen Departamentuak agiri batean jakitera eman duenez.
Luizia Belateko tuneletik hurbil. EFE