Gizartea -
Atez ate
Atez atekoari ekin diote Lezon, herri osoak bat egingo duen ustez
Helburua % 80 birziklatzea dela esan du alkateak eta ziur dago eredu honen aurka azaldu diren bizilagunek sistema onetsiko dutela.
Erredakzioa
Lezon jada atez ateko sistema martxan da eta Ainhoa Zabalo alkatea (Bildu) ziur azaldu da eredu honen aurka daudenek ere onetsi egingo dutela.
Atez ateko sistema ezarri duen Gipuzkoako bederatzigarren herria da Lezo. Helburua, % 80 birziklatzea da. Egungo birziklatze tasa, ordea, % 28koa dela esan du alkateak.
Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatuarekin eta Ainhoa Intxaurraundieta Ingurugiro zinegotziarekin batera azaldu da alkatea.
"Gaur, egun handia da Lezorentzat", esan du Zabalok prentsaren aurrean; izan ere, lehen bilketa ikusteko deitu ditu komunikabideak. 6.000 biztanle ditu Lezok eta guztira, 5.000 edukiontzi banatu dira; bakoitza dagokion identifikazio zenbakiarekin.
Lehen egunean, hondakin organikoa jaso dute edukiontzi marroietan. Zintzilikario guztiak ez zeuden beteta eta balkoi batzuetan oraindik zabor poltsak zintzilik ikusi ahal izan dira, sistemaren aurka daudela adierazteko.
"Ongi egitea oso erraza da. Askoz zailagoa da gaizki egitea eta ziur nago azkenean denok ongi egingo dugula", adierazi du alkateak.
"Zoriontsu gaude eta hemendik hiru edo lau astera ikusiko ditugu emaitzak zeintzuk diren. Itxaropentsu nago eta ziur bikainak izango direla", gaineratu du.
Hemendik aurrera, gai organikoa astelehenetan, ostegunetan eta larunbatetan jasoko da kubo marroietan. Ontzi arinak errafiazko poltsa horietan jasoko dira astearte eta ostiraletan. Papera eta kartoia asteazkenetan, errafiazko poltsa urdinetan; eta igandero errefusa jasoko da poltsa biodegradagarrien bidez. Halaber, egunero konpresak eta pixoihalak atera ahal izango dira.
Dagoeneko familien % 95ek jaso dute atez atekoari ekiteko beharrezko material guztia, Lezoko Udalak ohar baten bidez esan duenez.