Gizartea -
Ertzaintzaren berregituraketa
Beltran de Heredia: 'Behar duen emakume orok jasoko du babesa'
Genero nahiz etxeko indarkeriaren 5.000 bat biktimak jasotzen dute Ertzaintzaren informazioa, arreta edo babesa, Segurtasun sailburuak jakitera eman duenez.
Erredakzioa
Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei zuzendutako Laguntza Unitatea bertan behera utzita ere, Segurtasun Sailak arreta eta babes zerbitzua murriztuko ez duela eta Euskadin babesa behar duen emakume orok jaso egingo duela ziurtatu du astelehen honetan Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak.
Hala adierazi du Eusko Legebiltzarrean, PSE-EEk eskatuta tratu txarrak jasotzen dituzten emakumeei ematen zaien babesaren inguruko azalpenak emateko giza eskubideen, berdintasun eta herritarren parte-hartzearen batzordean egin duen agerraldian.
Sailburuak azaldu duenez, Ertzaintzak genero nahiz etxeko indarkeriaren 5.000 biktima ingururi (horietatik 4.658 emakumeak) ematen die informazioa eta arreta. Beharrezkoa bada, babes tekniko edo pertsonalerako neurriak ere hartzen ditu, kasu bakoitzaren arrisku mailaren arabera.
Horrekin lotuta, 25 ertzain-etxetan genero edota etxeko indarkeriaz arduratzen diren taldeak daudela adierazi du sailburuak. Beren lana, espedienteak ireki eta kudeatzea eta erreferentziazko ertzain bat esleitzea da, biktimen harremanetarako pertsona izango dena. Genero edo etxeko indarkeriako kasuak artatzeko unitateetan 74 profesional aritzen dira guztira, polizia-etxea ezberdinetan banatuta, sailburuak azpimarratu duenez.
Prozedura
Tratu txarren berri izan ostean, Ertzaintzaren hurrengo urratsa biktima bakoitzari beharrezko babes-neurriak ematea da, Beltran de Herediak azaldu duenez. Hala, agenteek biktimaren arrisku-egoera baloratzen dute, eraso berriak aurreikusi eta dagozkion neurriekin biktima behar bezala babesteko.
Etengabeko zaintza nahi ez duten eta aldentze-agindua duten biktimen kasuetan, eskumuturreko elektronikoak jartzeko eskaera epaitegian izapidetzea eskaintzen die Ertzaintzak. Helburua neurria betetzen dela kontrolatzea da; erabaki hori, alabaina, ez da poliziala, baizik eta judiziala, Beltran de Herediak argitu duenez.
Arrisku maila berezia duten biktimen kasuan, eta etengabeko zaintza eta eskumuturreko elektronikoa onartu ez badituzte, kontrazaintza bidez babesten dituzte. Kontrazaintza horiek ez dira modu iraunkorrean egiten, une zehatzetan baino ez, eta uniformerik gabeko agenteek egiten dituzte, polizia-bereizgarririk gabeko autoetan.
Egun, Laguntza Unitatea kontrazaintzak egiteko baino ez dela erabiltzen argitu du Beltran de Herediak, eta berregituraketari esker zerbitzuaren eraginkortasuna eta efizientzia hobetuko direla adierazi du. "Biktimen espedienteak kudeatzen dituzten komisarietako langileek jarraituko dute kontrazaintzak egiten'', azaldu du.