Gizartea -
Hileta
Azpeitiak Benantxio Iruretari azken agur hunkigarria eman dio
Larunbatean hil zen Aneto mendian, "Mahomaren pasabidea"n erorita. Arratsaldean egin dute bere aldeko hileta elizkizuna Soreasuko San Sebastian parrokian.
Erredakzioa
Goizean erraustu dute Benantxio Irureta zena familiartean eta arratsaldean Lagun Onak mendizale elkarteak omenaldia egin dio. 19:00etan egin dute bere aldeko hileta elizkizuna Soreasuko San Sebastian elizan.
Azpeitiko beilategira jende ugari hurbildu zen igande arratsaldean Benantxio Iruretari azken agurra ematera. Mendizaleentzat adibide izateaz gain, laguna zela azpimarratu zuten bertara hurbildutakoek.
Benantxio Irureta 59 urteko mendizalearen gorpua igande eguerdian heldu zen Azpeitiara, eta herriko Carmona ehorztetxera eraman zuten.
Aneto mendian hil zen, "Mahomaren pasabidea"n erorita larunbatean.
Mendizalea Coronas izoztegian atzeman zuten, tontorretik 300 metrora. Erreskate operazioa zaila izan zen, helikopterorik bi espezialista eta medikua jatsi baitziren bertara. Hilda zegoela baieztatu ostean, Benasque ondoko ospitale batera eraman zuten, autopsia egiteko.
Mendizale ezaguna
Aizarnarra zen jaiotzez, baina urteak zeramatzan Azpeitian bizitzen. Mendizale ezaguna zen, eta Josu Bereziartuarekin batera lehen zortzi milakoa igo zuen euskalduna izan zen.
Jesus Mari Mendizabal Benantxioren lagun batek Benasquetik hurbil dagoen ospitaletik hitz egin zuen 'Hiru Erregeen Mahaia' saioan eta istripua "Mahoman" sartzerakoan gertatu zela baieztatu zuen. Ostiralean abiatu omen ziren Azpeitiatik eta istripuaren unean 11 lagun omen zeuden.
Eskarmentu handiko mendizalea zen, besteak beste Himalayan, Alpeetan, Andeetan eta Pirinieotan mendi asko igotakoa.
Sakana-Pumori espedizioa
Benantxio Irureta Sakana-Pumori espedizioaren buru izan zen; bost euskal mendizale hil ziren espedizioaren buru hain zuzen.
2001eko urriaren 17an gertatu zen ezbeharra. Sakana-Pumori espedizioko 5 kide Pumori mendia (7.616 metro) igotzen ari ziren eta 6.000 metroko alturan zeudenean, elur jausi bat gertatu zen.
Sakana-Pumori espedizioan zazpi gipuzkoar eta hiru nafar joan ziren eta Iruretak berak berretsi zuen ezbeharra orduan Euskadi Irratian.