Gizartea -
Almerian
Hotel bat salatu dute Down sindromea duten gazteak ez hartzeagatik
Almeriako Down Sindromearen Elkarteak (Asalsido) El Toyoko CaboGata Plaza Suites hotelaren aurka salaketa jarri du bidai bat antolatzeko erreserba egitea eragozteagatik.
Erredakzioa
Almeriako Down Sindromearen Elkarteak (Asalsido) Fiskaltzaren aurrean El Toyoko CaboGata Plaza Suites hotelaren aurka salaketa jarri du, kolektibo horretako talde batentzat bidai bat antolatzeko garaian erreserba egitea eragozteagatik.
Hotelaren erabakian diskriminaziorik egin oten zen argitzeko eskatu diote fiskalari, Francisco Navarro Asalsidoko arduradunak azaldu duenez. "Adimen-urritasuna duten pertsonei desgaitasun hori izateagatik" ostatu ez ematea diskriminazioa izan daitekeela uste du elkarteak.
Navarroren ahotan, ostatu hartzeko aurrekontuen berri ematea eskatu zion Asalsidok bidaia-agentzia bati. Bidaia-agentzia Almeriatik hurbil dauden hiru hotelekin harremanetan jarri zen. Bi hotelek ez zuten arazorik jarri, baina CaboGata Plaza Suitesek (ZTHotels taldea) adimen-urritasuna duen pertsona talderik ez zuela onartzen erantzun omen zuen.
Antza denez, aurretik izandako esperientzia txar bat argudiatu zuen hoteleko zuzendaritzak taldea hartzerik ez zutela azaltzeko; izan ere, "beste bezero batzuei molestatzeko arriskua zegoen".
Hoteleko zuzendaritzak barkamena eskatu du
Bestalde, Olivia Garcia hoteleko zuzendariak pertsonalki barkamena eskatu dio Asalsidori, eta gertatutakoa gaizki-ulertu bat izan dela erantsi du. Bidai-agentziak Down sindromeko pertsonen talde bat zenik ez zuela jakinarazi azaldu du Garciak.
Aurretik hotelean hartutako talde bat zela pentsatu zuten, eta talde horrek arazo larriak sortu zituen, Garciaren hitzetan. Talde problematiko horrek Down sindromeko pertsonekin edo Asalsidorekin zerikusirik ez duela adierazi du hoteleko zuzendariak.