Gizartea -
Sabino Arana itxi ostean
Asteburuko auto-pilaketen ostean, gidariak astelehenera begira
Sarbide berria ireki zenetik, igande gauean lehen istripua gertatu da hiru kotxeren arteko talkan. Astelehenean ezagutuko da sarbide berria ohiko zirkulazioa hartzeko gai izango den.
Erredakzioa
Bilbok San Mamesko sarrera eta irteera berriak inauguratu zituzten larunbat goizaldean, 05:00ak aldera, eta hasierako orduetan autoek joan-etorriak arazo barik egin zituzten arren, eguerdi aldera lehenengo pilaketak izan ziren hiriburu bizkaitarrera sartzeko tarte berrian. Horren ostean egoera normaltasunera itzuli zen, baina arratsaldean berriro auto-ilarak izan ziren nagusi.
Igande arratsaldean Bilboko sarrera berrian berriro auto-pilaketak egon dira.
San Mamesko sarbide berrian auto-pilaketak. Argazkia: Iker Gonzalez
Lehen istripua
Igande gauean lehen istripua gertatu da Bilboko sarbide berrian. Hiru kotxek talka egin dute eta ondorioz, ordu erdiz auto-pilaketa handiak egon dira tunelean.
Bi lagunek zauri arinak izan dituzte, baina ez dituzte ospitalera eraman behar izan Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Istripua 21:05ean gertatu da, A-8tik Bilbora doan tunelaren erdian. Bertan, gehienez hartu daitekeen abiadura orduko 40 kilometrokoa da.
Sabino Aranaren itxiera
San Mamesko sarrera berrien irekierarekin batera, Sabino Aranako zubibidea itxi zuten ostiralean, 38 urtez zabalik egon ostean. Halaber, ostegunean A-8tik Bilbon sartzeko Juan de Garay kaleko sarbidea ireki zuten (10 urtez itxita egon eta gero).
Bizkaiko hiriburuan sartzeko tarte hori zabaltzea erabaki zuten Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Sabino Aranako zubibidearekin alderatuta, ibilgailu kopuru murritzagoa hartzeko gaitasuna izango du San Mamesko sarbideak.
Guztira, Bilbora sartzeko eta Bilbotik irteteko bederatzi gune daude, horietatik 7 edukiera handikoa izanda: 4, iparraldean, eta 3 hegoaldean.
Segurtasun neurriak
Sarbideak zortzi kilometroko luzeera du, eta lau tunel faltsu (110x340 metrokoak), lau zubibide (57x323 metro) eta tunel bat (351 metro) ditu. Bizkaiko Foru Aldundiak segurtasun neurri modernoak eta handiak jarri ditu sarbide berrietan: suteen aurkako lainoztatuko ur-sistema, besteak beste. Obrek lau urte eta erdi iraun dute eta Bizkaiko Foru Aldundiak 215 milioi euro jarri ditu.
Halaber, sarbide berrian 71 bideo-kamera, 51 haizagailu, laguntza eskatzeko 32 SOS telefono, 78 suteetako ur-hargune hornitu, mezuak helarazteko 11 panel, 1.000 argi-proiektore, besteak beste, jarri dituzte.
Malmasin tunelen Kudeaketa-Zentroak kamerek hartutako irudiak jasoko ditu. Halaber, istripu larriren bat egotekoten, horiek ixteko barrerak ere izango dira prest.
San Mamesko sarbide berriaren irekiera operatiboa jarraitzeko taldea eratu dute, eta asteburu osoan Udaletxeko trafiko gelan bilduta egon dira sor litezkeen arazoak ahalik eta azkarren bideratzeko.
San Mamesko sarbidea. Infografia: Bilboko Udala
Bederatzi sarrera-irteera. Infografia: Bilboko Udala
Manifestazioa
Halaber, Errekaldeko Auzokideen Elkarteak manifestazioa egin du, "Zorionak Basurto. Autopista kanpora. Errekalde 2016" lelopean, auzotik igarotzen den AP-8ko zubibidea suntsitzeko eskatzeko eta erakunde publikoek emandako hitza betetzeko.