Gizartea -
Sarbide berriak
Semaforoen zikloak egokitzeko lanetan ari dira Bilbon ilarak ekiditeko
Bilboko Udaleko Zirkulazio eta Garraio zinegotziak azaldu duenez, lehen akatsak atzeman ostean, irtenbideak bilatzeko lanetan ari dira jada.
Erredakzioa
San Mamesko sarrera berrian auto-ilarak eta pilaketak ekiditeko, semaforoen zikloak egokitzeko lanetan ari dira Bilbon Asier Abaunza Bilboko Udaleko Zirkulazio eta Garraio zinegotziak azaldu duenez. Zehazki, Zunzunegi kaleko seinaleak eta semaforoen zikloak moldatuko dituzte, bertan, "hiru erreietatik, oso gidari gutxik erabiltzen baitute eskuinekoa".
"Edozein hiritan, horrelako aldaketak egiten direnean, beti egoten dira lehen egunetan arazoak; hori aurreikusita genuen", esan du; izan ere, gidariek ikasi egin behar dutela nabarmendu du. "Gidariek ibilbide berriak ikasi behar dituzte. Zalantza puntu horrek trafikoa moteltzea sorrarazten du eta moteltze horrek pilaketak ekartzen ditu", adierazi du.
Lehen eguneko auto pilaketak San Mames Barriko lanetarako ibilgailu berezi baten sarrerak eragin zituela azaldu du. Errepidea 15 minutuz itxi zuten, "eta ondorioz, deskuiduen goiz bateko arazoak areagotu egin ziren", adierazi du.
Abaunzak pazientzia eskatu du, "gidariek aste pare bat beharko dituztelako sarrera berriak eta beste aukerak ezagutzeko". Ildo horretan, "Bilbon sartzeko zazpi sarbide daude eta helmugara iristeko egokiena zein den ongi pentsatu beharko da", azpimarratu du.
38 urtez hiriko sarrera eta irteera nagusia izan dena, Sabino Aranako zubibidea itxi eta gero, larunbat goizaldean San Mames ondoko tunela ireki zuten.
Lehen egunean, orduko 1.415 ibilgailu zenbatu zituzten, aurreko urteko egun berarekin alderatua (larunbata baita ere) kopuru antzekoa.
Abaunzak azpimarratu du astelehenean izango dutela froga nagusia gidariak egoera berrian nola moldatzen diren ikusteko.
Sarbide berriak egunean 50.000 ibilgailu hartzeko aurreikusita daude. Sabino Aranako zubibideak, ordea, 80.000 eta 100.000 ibilgailu hartzen zituen egunero.
Bizilagunen protestak
Zunzunegi eta Luis Briñas kaleetako bizilagunak haserre daude sarbide berriekin eta zonaldean trafikoa areagotu dela salatzeko astelehenean protesta egingo dute. Orain arte soilik Athleticek jokatzen zuen egunetan nabaritzen zuten trafikoaren areagotzea.