Gizartea -
Segurtasun neurriak
Homosexualen arteko lehen ezkontza egingo dute gaur Frantzian
100 bat polizia izango dira Montpelierreko udaletxean, segurtasuna bermatzeko. Sexu bereko pertsonen arteko ezkontzen aurkako protestak izan dira Frantzian azken asteetan.
Erredakzioa
Frantzian, Bruno Boileau eta Vincent Autinen arteko ezkontza egingo dute gaur, sexu bereko pertsonen arteko lehenengoa. Hollanderen Gobernuak maiatzaren 18an onartu zituen homosexualen arteko ezkontzak, eta neurri horrek protesta ugari ekarri du Frantzian. Horrenbestez, segurtasun neurri handiak iragarri dituzte.
Ezkontza Montpellierreko udaletxean egingo dute, eta 100 bat polizia egongo dira segurtasuna bermatzeko
Martxa apartekorik gabe igaro zen, salbuespen bakarrarekin. Alderdi Sozialistaren egoitzaren aurrean, manifestazioaren hiru zutabek bat egin zuten. Orduan, 20 bat ultraeskuindar egoitzan sartu ziren, eta "Hollande, dimisioa" irakurgai zuen kartel bat jarri zuten teilatuan. Poliziak lagun hauek kanporatu zituen, eta ez zen beste ezer gertatu.
Ezkontza homosexualaren kontrakoek Parisko kaleak hartu zituzten igandean. François Hollande Frantziako presidenteak sexu bereko lagunen arteko ezkontza legeztatu duenetik, hirugarren martxa jendetsua izan zen.
Poliziaren arabera, 150.000 lagun inguru izan ziren manifestazioan; antolatzaileen aburuz, berriz, 1.000.000 lagunetik gora izan ziren bertan. Halaber, 4.500 agentek segurtasuna bermatu zuten, martxak erradikalizatu direlako.
Guztira, 100 bat gonbidatu joango dira ezkontza horretara, baina bikoteak Frantziako herritar guztiak gonbidatu ditu. Nazioarteko 70 bat hedabidek albistea zuzenean jarraituko dute, Udalak jarritako areto berezi batetik.