Gizartea -
Sexu berekoen lehen ezkontza
Vincent eta Bruno bikote homosexualaren ezkontza historikoa Frantzian
Ekitaldia Montpellier hirian izan da, segurtasun neurri zorrotzen artean. Frantziako lehen ezkontza homosexualak ikusmen handia piztu du.
Erredakzioa
Bruno Boileau eta Vincent Autin bikotekideen ezkontza izan da Frantziako historian sexu bereko pertsonen artean lehena.
Hollanderen Gobernuak maiatzaren 18an onartu zituen homosexualen arteko ezkontzak, eta, hala, Montpellier hirian egin dute gaur lehen ezkontza homosexuala.
Brunok eta Vincentek 18:00etan eman diote elkarri baietza, hiriko udaletxean. Hélène Mandroux alkate sozialistak egin du ekitaldia, eta 500 gonbidatu bildu dituzte bertan.
Frantziako zein nazioarteko komunikabideen artean ikusmin handia piztu du ezkontzak, eta segurtasun neurri handiak ezarri dituzte aretoan, homosexualen arteko ezkontzaren kontrakoen protestek eragin zitzaketen istiluak ekiditeko.
''Zuen ametsetako egun hau errealitatea da gaur. Vincent, Bruno... une historikoa biziko dugu, gure herriarentzat, gure errepublikarentzat'', esan du alkateak.
Protestak
Frantzian, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzen aurkako protestak izan dira azken asteetan, eta, joan den igandean bertan, ezkontza homosexualaren kontrakoek Parisko kaleak hartu zituzten. François Hollande Frantziako presidenteak sexu bereko lagunen arteko ezkontza legeztatu duenetik, hirugarren martxa jendetsua izan zen.
Poliziaren arabera, 150.000 lagun inguru izan ziren manifestazioan; antolatzaileen aburuz, berriz, 1.000.000 lagunetik gora izan ziren bertan. Halaber, 4.500 agentek segurtasuna bermatu zuten, martxak erradikalizatu direlako.