Gizartea -
Nafarroan
Sustapen Departamentuak Belateko tunelak ireki nahi ditu
Luiziak ekiditeko lanak uztailean amaituko badituzte ere, “eguraldia lagun”, errepidea ekainaren lehenengo hamabostaldian irekiko dute.
Luis Zarraluqui Nafarroako Sustapen kontseilariak adierazi duenez, ekainaren lehenengo hamabostaldian ireki nahi dute N-121-A errepidea, Belateko tunelen inguruan. Hala ere, luiziak ekiditeko obrak uztailera arte ez dituztela bukatuko jakinarazi du.
"Eguraldiak apur bat laguntzen baldin badu, errepidea gutxi barru zabaltzea espero dugu", baieztatu du kontseilariak.
Bilduk hala eskatuta, "azken hilabeteotan izandako ezohiko euriteek" luiziak eragitea ekiditeko obrak zehaztasun handiz azaldu ditu Zarraluquik.
Ezbehar horiek ekiditeko "behar besteko segurtasun neurriak" hartu dituztela nabarmendu du, eta obrek milioi bat euroko kostua izan dutela zehaztu du.
Lan horiek uztailerako bukatuta egongo direla esan du, baina "horrek ez du esan nahi errepidea lehenago irekiko ez dugunik".
Horren harira gaineratu duenez, "eguraldia lagun", errepidea hilabete honen lehenengo hamabostaldian irekitzea espero du.
Luiziak ekiditeko obrak
Kontseilariak azaldutakoaren arabera, "errepidea luizietatik babesteko, behin zundaketak eginda, luiziaren zonalderik garaienean mikropiloteak jarri behar dira".
Obra hori "garrantzitsua eta beharrezkoa da" luizi gehiago gerta ez daitezen.
Ondoren, drainatze, kanalizazio eta berreraikuntza lanak egin ostean, mendoitza perfilatu eta harri-lubeta berri bat eraikiko dute, errepidera eror daitekeen guztia geldiarazteko.
Horretaz gain, Zarraluquik esan du mendateko errepide zaharra berritzeko lanak abiatuko dituztela. Obrak datorren astean hasiko dituzte.
Errepidearen etorkizuna
Kontseilaria N-121-A errepidearen etorkizunari buruz ere mintzatu da. Hala, errepidea zabaltzeko eta bidesaria jartzeko aukeraz aritu da.
"Ez dakit autobia bezala hartu behar dugun edo ez, baina bai arduratzen nau errepideak jasaten duen kamioi kopurua. Mugara doan doako errepide bakarra da, eta horregatik erabiltzen dute kamioilariek, baina, kamioientzako bidesari txiki bat izango balu, horien zati handi batek beste errepide bat hartuko luke", esan du.