Gizartea -

Lan-istripua Nafarroan

Gizon bat hil da Ezkabako kanpinean, bere hondeatzailea irauli ondoren

Ezkabako kanpinean lanean ari zen, eta buruan hartu du kolpea. Bestalde, gizon bat zauritu da Orozkon, traktore batekin maldan behera erori ondoren.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

66 urteko gizonezko bat hil da ostiral honetan Ezkabako kanpinean, Nafarroan, hondeatzaile batekin lanean ari zela. Makina irauli egin zaio eta hartutako kolpeen ondorioz hil da gizonezkoa.

Nafarroako Gobernuko iturriek jakitera eman duenez, hildakoa kanpinaren jabeetako bat omen da, eta tokia prest uzteko lanean ari omen zen, hondeatzaile txiki batekin. 16:00etan, baina, makina irauli egin zaio, eta buruan kolpea hartu du.

Anbulantzia igorri dute bertara, baina ezin izan dute ezer egin, kolpea hartu eta berehala hil baita gizona.

Beste gizon bat zauritu da Orozkon, traktore batekin maldan behera erori ondoren

Bestalde, 63 urteko gizon bat zauritu da ostiral honetan Orozkon (Bizkaia), traktore batean maldan behera erori ondoren, Ertzaintzak jakitera eman duenez. 40 metroko altueratik erori da behera.

Suhiltzaileek erreskatatu behar izan dute, eta helikopteroan eraman dute Gurutzetako ospitalera. Oraindik ez dute zaurien larritasunaren berri eman.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Nafarroa gaur Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Orozko gaur Arratia-Nerbioi