Gizartea -
Kordoba
Bretonek seme-alabak hil izana ukatu du epaimahaiaren aurrean
Sei eta bi urteko seme-alabak hiltzea egotzita deklaratzen hasi da eta bere aita lana babestu du herri epaimahaiaren aurrean
Erredakzioa
Jose Breton, sei eta bi urteko seme-alabak hiltzea egotzita deklaratzen hasi da astearte honetan Kordoban egiten ari diren epaiketan. Seme-alabak Las Quemadillas etxaldean egindako sutan erre izana ukatu du Bretonek, eta sutara animalien hondakinik ez zuela bota azaldu du.
Goizeko 10:00etan hasi da deklaratzen Kordobako Lurralde Auzitegian, ordutik, Maria de los Angeles Rojas fiskalaren galderei erantzuten ari da.
Seme-alabez hitz egiten duen bakoitzean, baita iraganeko gertakariez ari denean ere, Bretonek orainaldia erabiltzen du, eta batzuetan herri epaimahaiko kideei begiratzen die. Une batean, esaterako, seme-alabak aipatu dituenean, negarrez hasi da, eta haiek maite dutela esan du.
Halaber, seme-alabak sutara bota aurretik lokartzeko pilulak erosi izana ere irmo ukatu du eta erantzun duenez, psikiatrak eskaini zizkion antsietateari aurre egin ahal izateko.
Bretonek erosi zituen, baina berehala bota egin zituen, hala ere, haren deklarazioaren arabera, ez daki erosi zituen egunean bertan edota hurrengoan bota ote zituen.
Fiskalak deklarazio horretan kontraesana izan dela nabarmendu du, izan ere, akusatuak Poliziari pilula tableta guztiak hutsik aurkitu zituela erantzun zion bere garaian.
Fiskala: "Modurik ankerrenean hil zituen"
Akusatuak bere seme-alabak erarik "ankerrenean" hil zituela zalantzarik ez du Maria Angeles Rojasek, Jose Bretonen aurkako epaiketaren fiskalak. Gainera, errugabea dela esateko "ipuin" bat asmatu zuela erantsi zuen fiskalak astelehenean.
Fiskalaren hitzetan, delitua estaltzeko haurrak "tenperatura oso altuan" erre zituen Bretonek.
Epaiketa
Jose Bretonen aurkako epaiketa hasi zen astelehenean Kordoban, seme-alabak hiltzea egotzita. Akusatua, herri epaimahai batek epaituko du. Ruth eta Jose seme-alabek sei eta bi urte zituzten, euren aitak, hain zuzen, 2011ko urriaren 8an desagertu egin zirela salatu zuen.
Epaiketan, guztira, 98 lekukok eta 46 perituk deklaratuko dute.
Epaiketa uztailaren 8an amaituko da, aurreikuspenen arabera.
Fiskaltzak 40 urteko kartzela zigorra eskatu du Jose Bretonentzat seme-alabak hil zituela leporatuta. Halaber, ezarriko dioten zigorraren erdia bete arte gutxienez hirugarren gradurik ez emateko eskatu du fiskalak.