Gizartea -

Tragedia Santiagon

Santiagoko istripua: Giza akatsa ala akats teknikoa?

Iritzi publikoak makinariaren aurka egin badu ere, adituek akats teknikoak izan zirela uste dute.

Tren istripuaren ikerketa zabalik dago oraindik

1:14

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hainbat hedabidek eta iritzi publikoaren zati batek Galiziako tren istripuaren makinariaren aurka egin dute, trena gehiegizko abiaduran zihoalako.

Oraingoz, baina, ez dago gidariaren aurkako froga irmorik, eta hipotesi nagusia trenaren abiadura gehiegizkoa zela bada ere, ez dago argi giza-akats baten edo akats tekniko baten ondorioz gertatu ote zen.

Horren ildotik, Juan Jesus Garcia Fraile makinarien sindikatuko idazkari nagusiak eta Julio Gomez-Pomar Rodriguez Renfeko presidenteak eskarmentu handiko tren-gidaria dela azaldu dute, eta linea horretan urtebete daramatzala gaineratu dute.

Antza denez, istripuaren unean 190 km/h-ko abiaduran zihoala (tarte hori 80 km/h-an zirkulatzekoa da) aitortu dio makinariak Samuel Juarez Espainiako Gobernuak Galizian duen ordezkariari.

Trenbide horrek ERMTS segurtasun sistema europarra erabiltzen du. Sistema horrek galarazi egiten du gehiegizko abiaduran zirkulatzea, eta balazta automatikoki pizten du muga hori gainditzen bada.

Nolanahi ere, istripua jazo zen bihurgunean ez dago sistema hori martxan, ASFA izeneko sistema zaharrago bat dago bertan. Horrek larrialdiko balazta pizten du, behar izatekotan.

Hori horrela, Jose Antonio Santamera Bideen, Kanalen eta Portuen Ingeniarien Eskolako presidenteak baztertu egin du istripua giza-akats baten ondorioz jazo izana, segurtasun sistema piztuko zela argudiatu baitu.

"Baliteke segurtasun sistemak huts egitea, edo trenaren gurpil bat hautsi izana. Kausa ugari egon litezke; ezin da ezer aurreratu", esan du.

Hainbat hedabidek jakinarazi dutenez, Adifen ERTMS segurtasun sistemak huts egin ote zuen aztertzen ari dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea