Gizartea -
Ezbeharra Santiagon
Tren-gidaria kargupean aske geratu da, arduragabekeria onartu ostean
Ezbeharraren 79 biktimak identifikatu dituzte dagoeneko, baina Galiziako ospitaletan 70 zaurituk jarraitzen dute, horietatik 22k oso larri.
Erredakzioa
Francisco Jose Garzon Santiagon istripua izan zuen trenaren gidaria kargupean aske geratu da arduragabekeria onartu ostean, Luis Aláez epailearen aurrean.
Madril eta Ferrol arteko bidea egiten ari zen Konboiko gidariari zuhurtziagabekeriazko hilketa egotzi zitzaion. Igande honetan, 18:19an, eraman du Polizia Nazionaleko patruila batek Konpostelako auzitegietara.
19:30ean, Garzon magistratuaren salara eraman dute, eta une horretan ezbeharrari buruzko atestatuaren kopia eman zaio parte bakoitzari.
Ikerketaren gertuko iturriek azaldu dutenez, pasaportea kendu diote gidariari, eta astero epailearen aurrean agertu beharko du.
Garzon Amo (52 urte ditu) istripuaren ostean Santiago ospitalean sartu zuten, traumatismo toraziko bat zuela, eta ez zuen laguntza psikologikorik eskatu.
70 zaurituk ospitalean jarraitzen dute
Ezbeharraren 79 biktimak identifikatu dituzte dagoeneko, baina Galiziako ospitaletan 70 zaurituk jarraitzen dute, horietatik 22k oso larri, Galiziako Xuntak zabaldutako azken informazioaren arabera.
Gonzalo Ferre Adif-en presidentearen esanetan, tren-gidariak istripua gertatu zen lekutik lau kilometrora zegoenean hasi behar izan zuen trenaren abiadura moteltzen. Ana Pastor Sustapen ministroak esan zuen trenetako langileek segurtasun neurriak bete behar dituztela.
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak esan zuenez, "zentzuzko zantzuak" daude pentsatzeko "tren-gidariak erantzukizuna duela gertatutakoaren aurrean".
Ospitaletik Polizia-etxera
Francisco Jose Garzon Santiagon asteazkenean trenbidetik irten zen trenaren gidariari alta eman diote eta Polizia-etxera inputatuta eraman zuten atzo, larunbata, zuhurtziagabekeriaz egindako gizahilketa leporatuta.
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak, Galiziako Polizia-etxean, prentsaurreko batean azaldu zuenez, atxilotua bertara eraman zuten.
Bestalde, Ana Pastor Sustapen ministroaren hitzetan, Espainiako trenbide-sistemak "Espainiako eta Europako ordenamenduan jasotako segurtasun baldintza guztiak betetzen ditu" eta "langileek baldintza horiek bete behar dituzte". Ikerketak arau horiek bete ziren argitu behar duela gaineratu zuen.
Andoainek agur esan du
Santiagon asteazkenean izan zen tren-istripuan hil zen Karmele Sanz Manriqueri agur esan zioten Andoainen (Gipuzkoa) familiarrek eta lagunek, erakundeetako ordezkariez gain.
Hileta-elizkizuna atzo, larunbata, arratsaldean izan zen, Andoaingo Santa Cruz parrokian. Eusko Jaurlaritzatik Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza-Politika eta Kultura sailburua eta Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde-Politika sailburua joan ziren.
Andoaingo ehunka bizilagun ere joan ziran, Carmen Manrique biktimaren amari eta haren Gurutze eta Angel haren anaia-arrebari babesa emateko.