Gizartea -

Ezbeharra Santiagon

Istripua izan baino 11 segundo lehenago, makinaria telefonoz ari zen

Epaileak gaur, 10:00etan, lekuko gisa deklaratzera deitu du Santiagoko tren istripua gertatu baino lehen gidariari telefonoz deitu zion Antonio Martin Marugan treneko ikuskatzailea.

2013ko uztailaren 24ko Santiagoko tren istripuan 79 lagun hil ziren. Argazkia: EFE
2013ko uztailaren 24ko Santiagoko tren istripuan 79 lagun hil ziren. Argazkia: EFE
2013ko uztailaren 24ko Santiagoko tren istripuan 79 lagun hil ziren. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uztailaren 24an ezbeharra izan zuen treneko ikuskatzailea eta makinaria telefonoz elkarrekin hitz egiten ari ziren istripua gertatu baino hamaika segundo lehenago, El Pais egunkariak argitaratu duenaren arabera. Egunkarian, Polizia Zientifikoak kutxa beltzetan topatutako datuak aipatzen dituzte.

"Francisco Jose Garzon makinariak 199 kilometro orduko abiadurarekin gidatzen ari zen, Antonio Martin Marugan ikuskatzailearen deiari erantzun zionean. Deia 20:39:06an izan zen, ezbeharra baino bi minutu lehenago", gaineratu du egunkariak.

"Errailetik atera zenean (20:41), trenaren abiadura 179 km/h-koa zen. Elkarrizketaren azken soinua 20:40:55ean izan zen, ezbeharra baino 11 segundo lehenago eta bihurgunea hartzeko 400 metro falta zirenean".

"Txostenaren arabera, elkarrizketak minutu bat eta 40 segundoko iraupena izan zuen (20:39:15etik 20:40:55era), baina ez dakite biek noiz eskegi zuten. Garzon makinariaren azken soinua da jaso den gauza bakarra", El Pais egunkariaren arabera.

Luis Alaez epaileak gaur, 10:00etan, lekuko gisa deklaratzera deitu du Santiagoko tren istripua gertatu baino lehen gidariari telefonoz deitu zion Antonio Martin Marugan treneko ikuskatzailea.

Maruganek erantzukizunik ez duela dio epaileak autoan, eta hipotesi nagusia makinariak trena gaizki gidatu zuela da.

Treneko ikuskatzailearen deia "zuzena" dela uste du epaileak, sektorean ohiko prozedura baita.

Deia trena errailetik ateratzeko arrazoia izan ez zela dio magistratuak, nahiz eta "zoritxarrekoa" izan. Hala ere, arduragabekeria leporatzeko "nahikoa ez" dela uste du.

Treneko ikuskatzaileak adierazi duenez, Justiziaren aurrean emango ditu azalpenak: "Prozesu judizial batean murgilduta nago. Bihar deklaratzera noa epaitegira, eta, beraz, ez dut bestelako azalpenik emango handik kanpo".

Treneko ikuskatzaileak Poliziaren aurrean deklaratu du ostegun honetan, eta telefono dei horren berri zergatik ez zuen eman azaldu du: "Oso beldurtuta nengoen, irudi beldurgarriak nituen buruan bueltaka. Ez zen informazio garrantzitsua. Nire asmoa ez zen telefono dei hori ezkutatzea eta ziur nago gidariak ere ez zuela hori egin nahi". Aipatu duenez, bi minutuz aritu ziren telefonoz hitz egiten eta Pontedeumera iristean "zein bidetan gelditu behar zuten" izan zuten hizpide.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea