Gizartea -
Aste Nagusia 2013
Gastronomia eta kirola, Bilboko konpartsen 300 ekitaldien artean
Itziar Villafañez konpartsakideak "behar bezalako txupin bat izatearen beharra" azpimarratu du. "Irina eta arrautzak kroketak egiteko" izan daitezela gaineratu du.
Erredakzioa
Txapelketa gastronomikoak edota itsasadarretik egiten den jaitsiera izango dira aurten ere Bilboko konpartsek aurtengo Aste Nagusirako antolatutako ekitaldi garrantzitsuenetako batzuk. Marijaiari, berriz, kalejira batekin eta Peio Morelagak dantzatuko duen kaixarrankarekin emango diote ongietorria lehen egunean, eta horrekin, astebetez iraungo duten ekitaldiei hasiera emango diete.
Bilboko konpartsetako ordezkariek ostegun honetan aurkeztu dute Aste Nagusirako antolatu duten programazioa. Itziar Villafañez konpartsetako kideak "behar bezalako txupin bat izatearen beharra" azpimarratu du. Bilboko Udalak aholkatu bezala, "irina eta arrautzak kroketak egiteko" izan daitezela gaineratu du.
Behin jaiei hasiera emanda, abuztuaren 18an, larunbata, pintxo banaketa antolatu dute Athleticeko kirol-lagunarteekin, kirol gizarteratzearen alde. Azken larunbaterako, abuztuaren 24rako hain zuzen, itsuka egindako ardo-dastaketa bat egingo dute. Horrez gain, gastronomia, xake, igel eta mus txapelketak, edota skate eta tiragoma ikuskizunak aurreikusi dituzte.
Horrez gain, urtero lez, konpartsek eta Marijaiak Basurtuko Ospitalean dauden umeak bisitatuko dituzte, eta ostegunean, abuztuaren 22an, erretiratuentzako bazkari bat eta ikurrinari omenaldi bat egingo dute.
Egun horretan bertan, Aste Nagusian ekitaldi garrantzitsuenetariko bat bihurtu den Hiri Krosa ospatuko da, bertan 2.000 kirolarik parte hartuko duten aurreikuspenarekin.
Gastronomia txapelketak
Txapelketa horietan parte hartu nahi duten pertsona edo konpartsek Areatza plazan eman beharko dute izena, txapelketa egunetan. Patata tortillen lehiaketa izango da asteartean, txipiroiena asteazkenean, bakailaoa bizkaitar erarena ostegunean, marmitakoarena larunbatean, eta jaiak bukatzeko, gisatuarena igandean.
Berrikuntzak
Bilboko konpartsek aurtengo berrikuntzak nabarmendu nahi izan dituzte, hala-nola abuztuaren 21erako egingo diren Slackline tailer eta erakusketa eta Lance txapelketa. Horrez gain, astelehen eta asteartean Bilbao basket Fundazioak eta Saskibaloi Federazioak 3x3 Saskibalio Txapelketa antolatu dute.
Bilboko konpartsen programazioa ikuskatzeko, beren web orrian eta abuztuaren 16tik aurrera banatuko dituzten 15.000 esku-paperetan kontsultatu ahalko da.