Gizartea -
Heriotza
Ireki egin dute Jean Haritschelharren hil kapera, Baionan
Euskaltzainburu ohia atzo zendu zen, 90 urte zituela. Hileta asteazkenean egingo dute, Baigorrin.
Erredakzioa
Jean Haritschelhar euskaltzain eta euskaltzainburu ohi zenaren hil kapera gaur goizean zabaldu dute, Baionan (Lapurdi). Euskaltzalea atzo zendu zen, gaixotasun larri batek jota. 90 urte zituen.
Euskaltzaindiak jakinarazi duenez, hileta elizkizuna asteazkenean egingo dute, Baigorriko Saint-Etienne elizan, 16:00etan.
Haritschelhar Angelun bizi zen, baina Baigorrikoa zen. Duela 15 egun, gaixotasun larri bat atzeman zioten, eta Biarritzen ospitaleratuta zegoen.
Hil kapera 09:00etan ireki dute, Baionako beilatokian. 19:00ak arte izango da zabalik.
Haritschelhar Euskaltzaindiko presidentea izan zen 16 urtez, 2004. urtea arte hain zuzen ere. Aldez aurretik, presidenteorde izan zen, 24 urtez.
Euskaltzainak euskararen aldeko lan nekaezina egin du beti. Herria aldizkariko kolaboratzailea, Baionako Euskal Museoaren zuzendari eta Baigorriko alkate ere izan zen.