Gizartea -

Ikerketa

Marokoko Armadak Saharan exekuzioak egin zituela frogatu du Hegoak

Lehen aldia da Marokoko Armadak sahararrak bahitu eta hil dituela frogatu ahal izan dutena.

Paco Etxeberria ezaguna da ikerlarietako bat. EiTB
Paco Etxeberria ezaguna da ikerlarietako bat. EiTB
'Egiaren Hazia' dokumentalaren aurrerapen bideoa

3:25

David Perez | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal ikerlari talde batek frogatu ahal izan du, lehen aldiz, Marokoko Armadak legez kanpoko exekuzioak eta bahiketak egin zituela Mendebaldeko Saharan.

Ikerketa Hegoa Institutuak, Aranzadi Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) egin dute, eta horren ondorioak gaur goizean aurkeztu dituzte, Donostiako San Telmo museoan.

Hain zuzen ere, ikerketaren zuzendariek, Paco Etxeberria auzitegi medikuak eta Carlos Martin Beristain Psikologia doktoreak, bi hobi komun aztertu dituzte, Saharan, eta, horietan, Marokoko Armadak exekutatutako zortzi pertsonaren gorpuak aurkitu dituzte. Hilotz horietako bi adingabeenak dira.

Zortzi desagertu horiek 1976. urtean hil zituzten, hau da, Sahara Espainiarena zenean. Hildakoak identifikatuta daude eta Espainiako nortasun agiria dute.

Lehen aldia izan da Marokoko Armadak sahararrak bahitu eta hil dituela frogatu ahal izan dutena. Oraindik ere 400 pertsona inguru desagertuta daude lurralde horretan.

Ikertzaileen helburua hurrengo egunetan Espainiako Gobernuko Atzerri Ministerioarekin batzartzea eta ikerketa Nazio Batuen Erakundera (NBE) eramatea da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako berriak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Gaurko titularrak Albisteak Paco Etxeberria albisteak Mendebaldeko Sahara Maroko Aranzadi Zientzia Elkartea gaur