Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Abian da indarkeria sexistaren aurkako ikus-entzunezkoen lehiaketa
Neska eta mutilek emakumeen kontrako diskriminazioak ikustaratzen dituzten adierazpen artistikoak saritu nahi ditu lehiaketak.
Erredakzioa
Gazteen artean indarkeria sexista prebenitzeko urtero antolatzen den "Beldur Barik!" programaren edizio berri bat jarri da gaur abian. Programaren ekintza nagusietako bat 12 eta 26 urte arteko gazteei zuzenduriko ikus-entzunezko lehiaketa da. Neska eta mutilek emakumeen kontrako diskriminazioak ikustaratzen dituzten bideoak aurkeztu ahal izango dituzte lehiaketa horretan.
Ekimena Emakundek eta EUDELek bultzatu dute eta erakunde guztien laguntza jaso du. 2009an jaio zen programa eta gazteen artean errespetua, berdintasuna eta indarkeria sexistaren prebentzio jarrerak sustatu nahi ditu.
Lehiaketan aurkezten diren lenek emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak gainditzeko, eta harreman libre, errespetuzko, parekide, dibertso eta ez-sexistak eraikitzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa erakutsi behar dute.
Ikus-entzunezkoak
Parte hartzen duten proiektuek Beldur Barik jarrera islatu behar dute. Kalitate tekniko edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratuko da, nesken jabekuntzatik gogoetak eta eztabaidak sortzeko gaitasuna, eta mutilen matxismoaren aurkako konpromisoa.
Lanak aurkezteko epea gaur ireki da eta azaroaren 15ean amaituko da. Bi kategoria egongo dira: 12 eta 17 urte bitartekoak batetik, eta 18 eta 26 bitartekoak, bestetik
Sariak azaroaren 30ean emango dira ezagutzera Basaurin egingo den Beldur Barik Tokapetan.