Gizartea -
Gipuzkoako leize-zuloa
Europako labar-pintura zaharrenak Altxerriko koban daude
Alabaina, Aranzadi elkartetik gogora ekarri dute baieztapen horren harira iritzi ezberdinak daudela, eta datozen egunetan Altxerriko koban egindako beste ikerketa baten ondorioak jakinaraziko dituzte.
Erredakzioa
Gipuzkoako Altxerri kobak Europako labar-pintura zaharrenak ditu bere hormetan; izan ere, 39.000 urte dituztela zehaztu dute Kantabriako, Burgoseko eta Tolosako (Frantzia) unibertsitateetako zientzialariek.
Historiaurrearen Kantabriako Ikerketa Institutuak agiri batean jakitera eman duenez, ikerketa Altxerri B galerian egin zuten eta ondorioak Journal of Human Evolution aldizkari garrantzitsuak argitaratu ditu.
Nolanahi ere, Aranzadi elkarteko iturriek EITBri azaldu diotenez, adituen artean teoria ezberdinak daude eta batzuek zalantzan jartzen dute Altxerrin topatutakoak Europako labar-pintura zaharrenak direla. Ildo horretan, Aranzadik Aiako Udalerekin eta Gipuzkoako Aldundiarekin elkarlanean egindako ikerketaren ondorioak datozen egunetan publiko egingo dituela iragarri du.
Kantabriako, Burogseko eta Tolosako Ikerketa 2011n egin zuten Cesar Gonzalez eta Aitor Ruiz Kantabriako Unibertsitateko zientzialariek. Altxerriko haitzulo nagusia aztertzeaz gain, Altxerri B izeneko galeria ikerketan sartu zuten. Pinturarik zaharrenak bertan topatu zituzten.
Diego Garate azterlan paleolitikoko adituak (Tolosako Unibertsitatea) eta Eneko Iriarte geoarkeologian adituak (Burgoseko Unibertsitatea) ikerketan parte hartu zuten. Aranzadi Zientzia Elkarteak ikerketa finantzatu du.
Koba 1962an topatu zuten
Altxerriko labar-pinturak 1962an aurkitu zituzten Aian (Gipuzkoa), eta Joxe Miguel Barandiaran ikertzaileak berehala azterketari ekin zion, baina geroago Jesus Altuna eta J.M. Apellaniz arkeologoek berriro ikertu zituzten 1976an.
Leize-zuloak labar-pintura multzo handia du: 68 bisonte, 7 elur-orein, 6 ahuntz, 5 zaldi eta 4 arrain. Era berean, orein, hartz eta suge bat daude kobako hormetan.
Labar-pinturak Unescoren Munduko Ondarearen Zerrendan sartu zituzten 2008an.