Gizartea -
Iurbenor auzia
Arrazoi politikoengatik akusatu dutela dio Fernandezek
Fiskaltzak hamar urteko espetxe-zigorra eskatu du Jabyer Fernandez eta haren arrebarentzat. Auzia epairako prest geratu da.
Erredakzioa
Jabyer Fernandez enpresariak ukatu egin du Iurbenor enpresaren kiebra nahita eragin izana eta Ogasunari 43 milioi euroko iruzurra egin izana. Adierazi duenez, enpresa aurrera ateratzen saiatu zen, Aldundiak "arrazoi politikoengatik nere aurka egin duen bitartean".
Fernandez eta haren arrebaren aurkako auzia epairako prest geratu da gaur. Defentsak akusatuak aske uzteko eskatu du. Fiskaltzak, berriz, hamar urteko espetxe-zigorra eskatu du Jabyer Fernandez eta haren arrebarentzat.
Fernadezek gogoratu duenez, harreman pertsonalak tarteko, laguntza eskatu zion Iñigo Urkulluri, baita EAJko beste hainbat buruzagi eta erakundeetako ordezkariei ere. Bere helburua "3.000 langile baino gehiagori lana ematen zien 100 sozietate baino gehiago aurrera ateratzea zen". Adierazi duenez, Ogasunari egin beharreko ordainketa atzeratzeko eskaera egin zuen.
Unai Rementeria Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaileak Iurbenor auzia izan du hizpide goizean eta Aldundia bizkaitarren "interes orokorra" defendatzeko asmoz aurkeztu dela auzian azaldu du. "Izan ere, ustez 49 milioi euroko iruzurra egin zaie bizkaitarrei", esan du.
Arrazoi politikoak
Defentsak argudiatu duenez, "presio politikoak lurraldean aberastasuna sortzen duen enpresa-taldearen hondoratzea eragin du". "Atzerapena arrazoi politiko batengatik ukatu zen, ez arrazoi tekniko batengatik", gaineratu du.
BEZaren ordainketa epea atzerako ebidentzia bezala Urkulluren gutun bat aurkeztu zuen Fernandezek. Bertan, atzerapena egin ahalko zela jasotzen zen. Abokatuaren aburuz, bere bezeroaren aurkako gaitzespen penalak ezin izan dira dira frogatu. "Aldundiak egindako akusazioak zalantzagarriak eta erratikoak izan dira, eta zenbait kasuetan prozesuaren legalitatea ozta-ozta mantendu dute", adierazi du.
Fiskaltzaren aburuz, Barakaldoko Bizkaia Atea proiektuaren lurrak saltzeko momentutik bi akusatuek egin zituzten ekintzak Iurbenor enpresaren kontuak hustutzera bideratu ziren, eta horren ondorioz hartzekodunen lehiaketan sartu zen enpresa. Fernandezek salmenta horren inguruan esandakoa ukatu du, hau da, lurren salmentaren dirua taldeko beste enpresa batzuen egoera hobetzera zuzendu zela. Fiskaltzak dioenez, Iurbenor ez zen talde berekoa.
Habidite proiektuko akzioen erosketan, berriz, Fiskaltzaren aburuz, Fernandezek "bazekien" proiektua "geldituta" zegoela, Aldundia ez baitzen ekimena abian jartzeko hitzartutakoak betetzen ari. Jabyer Hernandez eta Susana haren arrebaren jarrerak Iurbenorren egoera okertu zuela gaineratu du.
Akusazioa ukatu egin du Fernandezi egozten zaion ardura guztia bere languntzaileari egoztea, hau da, Fernando Garcia Macua Athleticeko presidente ohiari