Gizartea -

Delitu ekologikoa

Senegalen preso izan ziren arrantzaleak Bermeon daude jada

Bermeoko bi arrantzaleak Senegaletik atera dira, hegazkinez, eta 08:30 aldera iritsi dira Loiuko aireportura, Madrilen geldialdia egin ostean.

Almadraba Uno ontzia. EITB.
Almadraba Uno ontzia. EITB.
Heldu dira Senegalen preso egon diren arrantzaleak

0:38

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dakarren (Senegal) preso zeuden bi arrantzale bermeotarrak etxean dira jada. Delitu ekologikoa egotzita atxilotu zituzten, 'Almadraba Uno' ontziak babestutako gune batean hondoa jo ondoren.

Petusa enpresak, 'Almadraba Uno' ontziko jabeak, konfirmatu egin du kapitaina eta patroia Bermeon daudela jada. Ghanako beste arrantzale batekin batera askatu zituzten biak.

Bermeoko bi arrantzaleak Senegaletik atera dira, hegazkinez, eta 08:30 aldera iritsi dira Loiuko aireportura, Madrilen geldialdia egin ostean. Arrantzaleak ez dira hedabideen aurrean agertu, familiartean egon nahi izan dutelako.

Bestalde, Petusak komunikatua atera du ontziko tripulazioari eta familiei eskerrak emateko "istripuaren ostean egindako lanagatik eta egoera larri honetan agertu duten zuhurtziagatik eta adoreagatik".

Hilabete luze Senegalen harrapatuta

Dakarreko epaitegi batek sei hilabeteko espetxe-zigorra ezarri zien Bermeoko bi arrantzaleei, baina hilabete eman dute bertan. Bermeoko bi arrantzaleez gain, Ghanako beste bat epaitu zuten. Delitu ekologikoa egitea leporatu zieten hirurei.

Abokatua gustura agertu zen epaiarekin, Fiskaltzak hiru urteko espetxe-zigorra eta isun handiagoak eskatu baitzituen akusatuentzat. Epaiaren arabera, Tunidos S.A. enpresak 2.000 milioi CFA franko (3 milioi euro) ordaindu beharko dizkio Senegalgo Itsas Gaietarako Agentziari eta 100 milioi CFA franko (150.000 euro inguru) Senegalgo Estatuari. Arrantzale bakoitzak 5 milioi CFA franko (7.000 euro) ordaindu beharko ditu, isun moduan.

Ontzia Tunidos enpresarena da, eta abuztuaren 2an jo zuen hondoa Senegaleko kostako gune babestu batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako albisteak Bermeo Delituak Ingurumena azken ordukoa Arrantza albisteak 2024