Gizartea -
Genero indarkeria
15 urteko mutil bat atxilotu dute Zarautzen, sexu erasoa egotzita
Atzo goizaldean gertatu zen erasoa, eta indarkeriaz egindako lapurreta eta sexu eraso delituak egotzi dizkiote adingabeari.
Erredakzioa
15 urteko mutil bat atxilotu zuen atzo Ertzaintzak, Zarautzen, neska bati sexu erasoa egitea egotzita. Indarkeria erabilita, biktimari poltsa lapurtzea ere egotzi diote, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Atzo goizaldean gertatu zen ustezko erasoa, 06:30 aldera. Zaintza lanetan zebilen udaltzain-patruila batengana neska bat hurbildu zen, bi mutilek poltsa lapurtu eta ihes egin zutela esanez. Komisariara eraman zuten, salaketa jar zezan. Antza, behin polizia-etxean zegoela, lapurretaz gain, sexu erasoa ere egin ziotela salatu zuen neskak.
Hori jakinda, Zarauzko Udaltzaingoak gertatutakoaren berri eman zion Ertzaintzari, eta bien artean susmagarrien bilaketari ekin zioten.
07:30ak baino minutu batzuk lehenago, ustezko inplikatuetako bat aurkitu zuen Ertzaintzaren patruila batek. Zeuzkan gauzen artean, biktimak poltsan zeramatzan telefono mugikorra eta beste hainbat tresna topatu zizkioten.
Hori dela eta, agenteek adingabea atxilotu zuten, sexu eraso delitu bategatik eta indarkeriaz egindako lapurreta delitu bategatik salatu baitzuten. Gainera, Ertzaintzak jakinarazi zuen Adingabeen Fiskaltzaren esku geldituko dela. Iturri berberak baieztatu du ikerketak zabalik jarraitzen duela, bigarren susmagarria identifikatu eta atxilotu ahal izateko.