Gizartea -
Klima aldaketa
Astelehenean hasiko da klima aldaketari buruzko konferentzia Polonian
COP 19 Nazio Batuen Erakundeko (NBE) klima aldaketaren 19. goi bileran herrialdeen arteko jarrerak hurbiltzea dute helburu, 2015ean herrialdeen kutsadura emisioak jaisteko akordioa lortzeko.
Erredakzioa
Astelehenean hasiko da klima aldaketari buruzko goi bilera Poloniako Varsovia hirian. COP 19 Nazio Batuen Erakundeko klima aldaketako 19. goi bileran herrialdeen arteko jarrerak hurbiltzea dute helburu, 2015erako kutsadura emisioak jaisteko herrialdeen konpromisoa lortzeko.
192 herrialdetako milaka ordezkarik eta ehunka Gobernuz Kanpoko Erakundek (GKE) parte hartuko dute Poloniako goi bileran, eta 12 egunez klima aldaketaren ondorioak eta kutsadura emisioak gutxitzeko formulak ikertuko dituzte.
NBEk duela gutxi argitaratu zuen txostena mahai gainean izango dute Polonian. % 95eko ziurtasunarekin, 1950. urteaz geroztik gizakia da lurraren berotzearen erantzulea, NBEn txostenaren arabera.
Lurraren berotzea Lurrean, atmosferan eta ozeanoetan nabarmen hautematen dela baieztatu du NBEk. Hori dela eta, beharrezkotzat jotzen du emisioak jaistea.
Klima aldaketari buruzko aurreko bileran, Dohan, Kyotoko protokoloa 2020ra arte luzatzea erabaki zuten, baina gehien kutsatzen duten herrialdeetako batzuek (AEB, Txina, Errusia, Japonia, Kanada) ez zuten konpromisorik hartu.
Zaila da Poloniako bileran gutxieneko akordio bat lortu duten aurreikustea. Bestalde, talde ekologistek eta Gobernuz Kanpoko Erakundeek helburu handizaleak ezartzeko eskatzen dute.