Gizartea -
Immigrazioa
Gizarteak integrazio prozesuari ekin behar dio, Jaurlaritzaren arabera
Iñigo Pombo Gizarte Politiketako sailburuordearen esanetan, euskal gizartea kultura anitzeko pertsonak osatzen dute, eta aniztasun horrek eskatzen duen prozesuari heldu behar dio.
Erredakzioa
Euskal gizartea multikulturala da, eta kultura aniztasun horrek eskatzen duen integrazio prozesuari ekin behar dio, izan ere, "gizarte homogeneoen aroa bukatu da", Eusko Jaurlaritzaren arabera.
Iñigo Pombo Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak ondorio hori nabarmendu du Immigrazioari eta Integrazioari buruzko jardunaldiaren irekiera ekitaldian. Ikuspegi Immigrazioaren Behatokiak eta Biltzen Integrazio eta Kultura arteko Bizikidetzaren Zerbitzuak antolatu dute aipaturiko jardunaldia.
"Kultura aniztasuna egitate bat da, eta, ondorioz, integrazio prozesuen gaineko hausnarketa egin behar dugu; izan ere, gizalegezko gizarte batean erakundeek ez dituzte pertsonak umiliatzen, eta pertsonek ez dute elkar umiliatzen", azaldu du.
Integrazio prozesu hori ez dela erraza nabarmendu du, erakundeen, gizarte eragileen eta herritarren parte-hartzea eskatzen duelako, eta euskal gizartean lan hori neketsuagoa dela gaineratu du sailburuordeak, "gizarte asimilatzailea delako".