Gizartea -
Polizia-operazioa Frantzian
Parisko tiroketen ustezko egilea atxilotu dute
''Konortea erdi galduta'' eraman dute atxilotua, ustez sendagai kantitate handia hartu ondoren.
Erredakzioa
Gizon bat atxilotu dute Parisen, Frantzian, asteleheneko tiroketak egitea egotzita, iturri judizialek aurreratu dutenez.
Joan den ostiralean BFM TV katean gizon bat mehatxatu eta astelehenean bi tiroketa egin zituen susmagarriaren bila dabil astelehenetik Frantziako Polizia. Tiroketako bat Libération egunkarian izan zen, eta argazkilari bat zauritu zen bertan. Beste tiroketa La Défense eremuan egin zuen, baina bertan ez zuen inor zauritu.
Atxilotutako lagunak bilatzen ari diren gizonaren ''antz handia'' du, baina oraindik argitzeko dago pertsona bera den, iturri horien arabera. Paris ipar-ekialdeko Bois-Colombres aparkalekuan atxilotu dute gizona, 19:05ean (18:05 GMT).
Le Figaro egunkariak aipatutako iturrien arabera, ''konortea erdi galduta'' eraman dute atxilotua polizia-etxera, ustez sendagai kantitate handia hartu ondoren. Frantziako hainbat komunikabideren arabera, atxilotuak ez die aurre egin, eta ospitalera eraman dute.
DNA azterketek baieztatu dutenez, pertsona berak egin zituen egunkarian eta La Défense eremuan, Société Genérale banketxean, tiroketa. Erasoak 25-45 urte eta 1,70 eta 1,80 metro arteko altuera dituen gizon zuri batek egin zituen.
Bideo-zaintza kameretako irudietara jo zuen Poliziak, susmagarriaren irudia lortzeko, eta, argazki horiek plazaratu ondoren, 700 bat dei jaso dituzte balizko arrastoen berri emateko.
Asteartean susmagarri bat atxilotu zuen Poliziak, erasotzailearen ezaugarriekin bat egiten zuelako, baina ondoren aske utzi zuten, tiroketa izan zen unean medikuarenean zegoela frogatu ondoren.
Zauritutako argazkilariari ebakuntza egin diote ospitalean.