Gizartea -
Euskararen Nazioarteko Eguna
Euskararen Nazioarteko Egunean, euskara #mundiala!
Euskaltzaindiak eta Eusko Legebiltzarrak ekitaldi berezia egingo dute gaur goizean, eta, bertan, Linguae Vasconum Primitiae liburuaren edizio berria aurkeztuko dute.
Erredakzioa
Gure hizkuntzak 365 egun ditu, lehenengoa azkena bezain garrantzitsu, baina gaur, Euskararen Nazioarteko Egunean, aldarrikapen xarmaz atera nahi du plazara. Hori horrela, Euskal Herriko erakundeek eta elkarteek ekitaldi andana egingo dute gaur, euskararen erabilera aldarrikatu eta euskararekiko konpromisoa adierazteko.
Euskaltzaindiak eta Eusko Legebiltzarrak Linguae Vasconum Primitiae euskaraz publikatutako lehen liburuaren edizio berria aurkeztuko dute goizean. Oraingoan, txineraz, arabieraz, kitxuaz, errumanieraz, katalanez eta galegoz.
Ekitaldia 11:00etan hasiko da, Gasteizko Ganberan, eta, horretan, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak eta Andres Urrutia eta Xabier Kintana Euskaltzaindiko presidenteak eta idazkariak hartuko dute parte.
Xabier Kintanak "Kontrapas" olerkia irakurriko du, euskaraz, eta, ondoren, katalanez (Marti i Castelek), galegoz (Manuel Gonzalez), errumanieraz (Delia Mihaela Cristea), txineraz (Fang Xiao), arabieraz (Shaalan Hares) eta kitxuaz (Veronica Yuquilema) egingo dute.
Legebiltzarra "Babel txikia" bihurtzeko helburu horretan, Mikel Morris, Karmele Jaio, Julia Brade, Simon Lambert eta Giovanni Zanon idazleen bideoak eskainiko dituzte, olerkia ingelesez, gaztelaniaz, alemanez, frantsesez eta italieraz ere entzuteko. Guztira, 12 hizkuntzatan izango da entzungai.
Ondoren, Xabier Leteren eta Erramun Martikorenaren kantak eskainiko dituzte.
Ekitaldian, Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohi zena ere omenduko dute.
Halaber, sare sozialetan erabiltzaileak #mundiala erabiltzen ari dira bazter guztietan, euskaldun guztiak mapan jartzeko.
Beste hainbat ekitaldi
Bestalde, Euskaltzaleen Topaguneak "Euskarak 365 Egun" kanpaina abiatu du, eta euskaltzaleei "plazara ateratzeko deia" egin die, hainbat ekitaldi antolatu baititu 30 herritan.
Topaguneak 50.000 kartel banatu ditu, eta 365egun.eu webgunea sortu du. Bertan, euskaltzaleek argazkiak igo ahal dituzte, babesa adierazteko.