Gizartea -
Sutea Trintxerpen
Pasaiako kaltetu guztiei etxebizitza eskainiko die Jaurlaritzak
Donostiako, Errenteriako, Hernaniko eta Irungo babes ofizialeko etxeak Pasaiako Udalaren esku jarriko ditu Jaurlaritzak.
Erredakzioa
Pasaiako suteak kaltetutako 42 familiei etxebizitza eskainiko die Eusko Jaurlaritzak. Pasaian ez, baina inguruko herri eta auzoetan eskainiko diete etxea, atzo Alokabidek jakitera eman zuenez. Izan ere, Donostiako, Errenteriako, Hernaniko eta Irungo babes ofizialeko etxeak jarriko dituzte Pasaiako Udalaren esku.
Udalak aste honetan bertan bidaliko dio Alokabideri kaltetutako familien zerrenda, bakoitzari behar duen tamainako etxebizitza emateko.
Lehendabiziko sei hilabeteetan doan izango da etxe horietako alokairua, eta, hortik aurrera, familia bakoitzaren ondarea aztertuko dute, ordaindu behar duten ala ez erabaki, eta, egin behar izatekotan, zenbat ordaindu behar duten zehazteko.
Gaur goizean bilera egingo dute kaltetuek Amaia Agirregabiria Pasaiako alkatearekin, eta bertan jasoko dituzte argibide guztiak.